Bi urteko etenaren ondoren, Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak jarri ditu 2022ko Harituz eguna ospatzeko eguna eta lekua: maiatzaren 28an izango da, Iruran eta Anoetan. Tolosaldeko bertsozaleak elkartzeko helburuz, egun osoko egitaraua antolatu du elkarteak eta nola ez, bertsoa egongo da erdigunean.
2019an egin zen azkenekoz Harituz Eguna. Orduko hartan, Ibarra eta Tolosan zehar bertsozale mordoa aritu ziren kantuan eta festan, eta aurten ere, eskualdeko bertsolari eta bertsozaleak jarri nahi ditu Harituzek erdigunean; “Eskualdean bertsotan dakien jende mordoa dago baina gehienak ez dira eroso sentitzen testuinguru formal edota txapelketako saioetan. Horrek, ordea, ez du esan nahi bertsolari edo koplari ez direnik. Aurtengo helburua tabernaz-taberna egingo den bertso-poteoan zein Kukun egingo den bazkalosteko saioan jende horri kanturako aukera eta testuinguru atsegina eskaintzea da”.
Goizean zehar Irurako tabernetan bertso poteoa egin ostean, Anoetako Kuku Elkartean bazkalduko dute eskualdeko bertsozaleek. Bazkarirako txartelen erreserba 629 834 710 telefono zenbakira Whatsapp mezua idatziz egin beharko da eta ordainketa, berriz, Bizum bidez (prezioa: 15 €). Egun guztian zehar ez da bertso zein musikarik faltako eta eguna borobiltzeko, Laskotxarangako hainbat kiderekin Anoetako tabernetan kalejira egingo dute.
Bertsolaritza une gozoa bizitzen ari da Tolosaldean azken urteetan: haur zein gaztetxoen bertso-eskola kopuruak gora egiteaz gain, zortzi gazten eman dute dagoeneko eskolarteko bertsolari txapelketan zein lagunarteko saioetan parte hartzeko jauzia. Helduei dagokienez, berriz, plazaz-plazako jardunean hara eta hona dabiltzan bertsolari batzuk ere badira Tolosaldean eta aurtengo udazkenean hasiko den Txapelketa Nagusian, gainera, bost ordezkari izango ditu eskualdeak.