Iñaki Murua eta Saioa Alkaiza bertsolarien solasaldia, maiatzaren 12an

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2022ko maiatzaren 2a

Bertsolaritzaren transmisioa egiteko bide desberdinen inguruan hizketan ariko dira bi bertsolariak, Zizurkilgo Iriarte Etxean.

Bertsolari izateko adina modu daude bertsolari izatera iristeko. Familiak, input kulturalak, hizkuntza ohiturek, bertso eskolak eta inguruneak, oro har, eragina daukate bertsolarien sortze eta heltze prozesuan; horretaz ariko dira Iñaki Murua (1956, Gabiria) eta Saioa Alkaiza (1991, Iruñea) bertsolariak Zizurkilen, maiatzaren 12an egingo duten solasaldian. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da tertulia eta partaideek bertsolari “Nola iritsi naiz bertsolari izatera?” galdera izango dute abiapuntutzat.

Familia eta ingurune bertsozalean jaio, hazi eta hezia da Murua gabiriarra. Mendizabal, Loidisaletxe, Zeberio, Igartzabal eta beste hainbat bertsolarirekin batera, goierritar bertsolarien aro arrakastatsuenaren parte izan da eta 1986 eta 1989an Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera sailkatzea lortu zuen, gainera. Horrez gain, Goierriko Bertso eskolan irakasle moduan aritu da urte luzez eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari ere izan zen 2005etik 2018ra.

Alkaizaren ibilbidea, berriz, bestelakoa izan da. Iruñean jaio eta bizi den bertsolaria bertso eskolaz-bertso eskola trebatu da eta Antsoain, Lekunberri eta Iruñerriko bertso eskoletako partaide izan da, besteak beste. Horrez gain, bera ere bertsolaritzaren irakaskuntzan ari da gaur egun. Eskolarteko eta gazte mailako hainbat sariketa irabazi ondotik, 2021ean Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi eta bera da egungo Nafarroako txapelduna.

Solasaldiaren antolatzaileen esanetan, mimo bereziz prestatzen ari diren ekitaldia izango da hilaren 12koa; “Harituzen lan lerro nagusia transmisioarena denez, interes berezia eragiten digu bertsolaritzaren transmisioa egiteko modu desberdinak ezagutu eta haietaz hausnartzeak. […] Tolosaldea, gainera, Euskal Herriko eremurik euskaldunenetakoa da zorionez eta bertsolaritzak badu bere lekua egunerokoan baina nola lor daiteke bertso-eskolak sortu eta bertsolariak izatea Iruñerrian edo Arabako lautadan, esaterako?”.

Galdera horiei eta gehiagori erantzun beharko diete Alkaiza eta Muruak Zizurkilgo Iriarte Etxean egingo den solasaldian. Harituzek eskualdeko bertsozaleak tertulian parte hartzera gonbidatu nahi ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!