Bertsolaritza tailerretako izen-ematea, apirilaren 20ra arte

Etxean Bertsolari tailerrean haurrekin ahozkotasuna eta bertsolaritza lantzeko modu eta baliabideak landuko dira; horrelako tailer bat eskainiko den lehen aldia izango da.

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak apirilaren 20ra arte luzatu du udaberriko bertsolaritza tailerretan izena emateko epea. Bi tailer eskainiko dira; bat-bateko bertsolaritzan trebatzekoa, bata. Haurrekin bertsolaritza nola landu galderari erantzungo diona, bestea. Maiatzeko asteazkenetan izango dira saioa, 18:30etik 20:00etara.

Etxean Bertsolari tailerrean haurrekin ahozkotasuna eta bertsolaritza lantzeko modu eta baliabideak landuko dira; gaian trebatutako bi gidariren eskutik abesti, jolas, web orri, ariketa eta abarrak ezagutuko dituzte tailerrean parte hartuko dutenek; horrelako tailer bat eskainiko den lehen aldia izango da. “Bertsolaritzarekiko interesa izan eta hurrengo belaunaldiari hitzarekin jolasteko ohitura eta plazera transmititu nahi dioten jende bila gabiltza.” Azaldu du Harituzeko koordinatzaile den Haritz Mujikak.

Bat-bateko tailerra, berriz, iaz martxan jarritako hastapen tailerrari jarraipena emateko zerbaiten moduan proposatu da. Eskualdeko hogei lagun inguruk parte hartu zuten iazko tailerrean eta aurten bat-batean trebatzeko eskaerari erantzun eta jardun inprobisatura bideratuagoa dagoen tailer bat prestatu du Harituzek.

Zizurkilen eta Ikaztegietan izango dira ikastaroak; Zizurkilen etxean bertsolari eta Ikaztegietan, bat-batekoa. Izen-ematea, berriz, harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaliz egin beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!