Jon Mendiluze eta Danel Etxeberria, Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalera

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2022ko apirilaren 9a

Jon Mendiluze eta Danel Etxeberria, Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalera
Jon Mendiluze eta Danel Etxeberria, Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalera

Tolosaldeko zazpi bertsolari gaztek parte hartu dute aurtengo lehiaketan; inoiz izan den kopururik handiena izan da.

Erabakita dago zein sei bertsolari ariko diren kantuan apirilaren 29an Lasturren izango den bertsolari gazteen finalean: Jon Mendiluze, Naia Arrizabalaga, June Aiestaran, Amets Aizpurua, Aratz Lasa eta Danel Etxeberria. Atzo izan zen azken kanporaketa Lizartzako Txirrita Elkartean eta Aiestaran beasaindarrak irabazi zuen saioa. Berarekin batera, Aizpurua eta Etxeberriak eskuratu zuten finalerako txartela.

Hirurogei lagun inguru elkartu ziren Lizartzako Txirrita Elkartean afari goxoa dastatu eta bertso saio ederra entzun asmoz eta ez sukaldariek, ez bertsolariek ez zuten huts egin. Adituak sukaldean, gazteak kantuan; eskolarteko bertsolari txapelketan lehen aldiz parte hartu zuten hiru lagun aritu ziren kantuan; Danel Etxeberria, Malen Etxeberria eta Sustrai Goenaga eta ezohiko konfiantza eta bertso maila erakutsi zuten gainera.

Saio guztian zehar besteen gainetik aritu zen bertsolaria Aiestaran izan zen. Saio bikaina egin zuen beasaindarrak hasieratik amaierara eta nagusitasunez irabazi zuen saioa. Beste bertsolariek ere utzi zuten ale ederrik, Izar Zelarain villabonarrak tartean, puntu erantzun eta bakarkako bikainak osatu baitzituen.

Harituz Bertsozale Taldeko arduradunek aurtengo eskolartekoan Tolosaldeko bertsolariek izandako parte-hartzea azpimarratu nahi izan dute: eskualdeko zazpi bertsolari gaztek parte hartu dute aurtengo lehiaketan; inoiz izan den kopururik handiena. Eskualdeko bertsogintzan egiten ari diren lan eskerga emaitza ematen ari da, beraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!