Bertsolaritza tailerrak udaberrian

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2022ko martxoaren 28a

Ikaztegietan eta Zizurkilen izango dira aurten tailerrak: bat-bateko trebakuntzari zuzendua, bata. Bertsolaritzaren etxeko transmisioari begirakoa, bestea.

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak bi tailer eskainiko ditu maiatzean, eskualdean. Lehenengoa, bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza izan eta bat-bateko jardunean trebatu nahi duten bertsozaleei zuzenduta egongo da. Bigarrena, berriz, bertsolaritzaren transmisioa eremu ez formalean nola egin jakin nahi dutenentzat. Maiatzak 4, 11, 18 eta 25ean izango dira saioak; asteazkenez, 18:30etik 20:00etara.

Ikaztegietako kultur etxean izango da bat-bateko trebakuntza tailerra. Antolatzaileek azaldu dutenez, eskualdeko bertsozale askok daukate ohitura jai giroan zein lagunartean bertsotan aritzeko baina jai giro horretatik kanpo ez dute kanturako espaziorik topatzen. Tailerraren helburua bertsotarako gogoz dauden bertsozaleak bildu eta kanturako espazioa zein aitzakia ematea da, batez ere.

Bertsolaritzaren transmisioa ardatz duen tailerra, berriz, Zizurkilen eskainiko dute. Umeekin harremana duten guraso, aitona-amona, irakasle, begirale, lagun eta abarri zuzenduta dago tailerra, bereziki. Bertsolaritza umeekin nola landu edota zein baliabide eta nola erabili ikasteaz gain, egin daitezkeen jolasak ezagutu eta bertsotan trebatzeko ere balioko du tailerrak.

Tailerretako izen-ematea apirilaren 1etik 11ra egin ahal izango da. Bat-bateko trebakuntza tailerrean parte hartzeko Ikaztegietako Ostatuan egin beharko da izen-ematea, edota harituz.bzt@gmail.com helbidera mezu bat idatziz. Bertsolaritzaren transmisio tailerrean parte hartzeko, berriz, Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian izena-eman ahal izango da, edota harituz.bzt@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz. Tailer bakoitzaren prezioa 40 €koa izango da.

Elkarteko arduradunek tailerretan parte hartzeko deia luzatu nahi diete eskualdeko bertsozale zein haurrekin harremana duten herritarrei eta edozein zalantza izanez gero, harituz.bzt@gmail.com helbidera mezu bat idatziz argitzeko gonbita egin diete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!