Bertsoa haur, gazte zein helduentzat

“Bertsoa edonorentzat izan daiteke gozagarri eta haur, gazte zein helduen eskura jarriz, gozamenerako aukera denei ematea da helburua”

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak hiru ekitaldi antolatu ditu datozen asteetarako: martxoaren 11ean, umeentzako Alpistegia bertso-antzerkia izango da Alkizan. Martxoaren 18an, berriz, bertsolari gazteak plazaratzeko Plazara ekimeneko bigarren saioa izango da, Berastegin. Azkenik, apirilaren 8an, Eskolarteko bertsolari txapelketako azken kanporaketa izango da, Lizartzan.

“Bertsoa edonorentzat izan daiteke gozagarri eta haur, gazte zein helduen eskura jarriz, gozamenerako aukera denei ematea da Harituzen asmoa”, azaldu du elkarteko koordinatzaileak. Haur zein gaztetxoei eskainita dago hain justu ere ostiralean, Alkizan, 17:30ean hasita eskainiko duten Alpistegia bertso-antzerkia.

Martxoaren 18an Berastegin izango den bertsolari gazteen saioan, berriz, bertso eskoletako ikasle diren Beñat Mateos, Eki Mateorena eta Ane Zubiak Maialen Lujanbio eta Ane Labaka bertsolariekin partekatuko dute oholtza. Saioa 18:00etan izango da, Urepele Elkartean eta Imanol Artola ariko da gai jartzen.

2022ko Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako sei finalistak zeintzuk izango diren, berriz, Lizartzan argituko da, apirilaren 8an. Txapelketa horretan 14 eta 28 urte bitarteko gazteek parte hartzen dute eta eskualdeko saioan, Izar Zelarain villabonarra eta Malen Gartzia eta Danel Etxeberria tolosarrak ariko dira kantuan, besteak beste. Saioa bertso-afari formatuan egingo da eta afarirako txartelak bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira, 12 €ko prezioan.

Harituz Bertsozale Taldeak antolatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu inguruko haur, gazte zein helduak eta udaberrian ere kultur eskaintza zabala egiten jarraituko dutela jakinarazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!