Sabela bete bertso, belarri bete gozamen

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2022ko otsailaren 21a

Izurriaren osteko lehen bertso-bazkaria antolatu izanak gehiago antolatzeko bide emango duela espero dute antolatzaileek.

Larunbatean izan zen Adunako Aburuza Sagardotegian 2020az geroztik egin den lehen bertso bazkaria. Harituz Bertsozale Taldeak, Aburuza Sagardotegiak eta Adunako Udalak elkarlanean antolatu zuten ekitaldia eta Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak aritu ziren kantuan egun eta hirurogei bertsozaleren aurrean.

Giro ederrean bazkaldu ostean, ordu eta erdiz aritu ziren kantuan bi bertsolariak eta ez zuten zirirako eta jolaserako aukerarik galdu. Jendearen bertso zein parranda goseaz jakitun, umorezko gaiei tira eta bi bertsoaldi bikain osatu zituzten bertsolariek, doinu zein erritmo biziz lagunduta.

Antolatzaileak gustura agertu ziren bertso bazkariaren ostean eta zenbait unetan isiltasuna mantentzea saiatu arren, balorazio positiboa egin zuten; “jendea jai girorako gogoz etorri da eta horrek zenbait unetan isiltasuna eragotzi du. Hala ere, orokorrean, giro ona nabarmendu da eta bertsolariekiko esker ona azaldu du publikoak”. Bertsolariek ere gauza bera aipatu zuten bazkariaren ostean.

Izurriaren ondotik antolatutako lehen bertso bazkaria izan da Adunakoa eta ahalegin hori eskertu nahi izan die Harituz Bertsozale Taldeak bai Aburuza Sagardotegiari baita Adunako Udalari ere. Horrekin batera, Lehendabizikoa antolatu izanak bertso bazkari gehiago antolatzeko bide emango duela espero dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!