Plazara ekimeneko lehen saio arrakastatsua

Antolatzaileak bigarren saioa antolatzen ari dira eta laster emango dute haren inguruko informazio gehiago.

Harituz Bertsozale Taldeak eskualdeko bertsolari gazteak plazaratzeko sortu du Plazara egitasmoa. Bart izan da lehen saioa Anoetako Gaztetxean eta Izar Zelarain, Aratz Arzelus eta Jon Mendiluze bertso-eskolako ikasleak aritu dira kantuan. Oholtzakide, berriz, Oihana Iguaran eta Alaia Martin izan dituzte eta Iker Iriarte arduratu da gai-jartzaile lanez.

Ordu eta erdiko saioan zehar, mota guztietako ariketa eta gaiak proposatu dizkie gai-jartzaileak bertsolariei eta zenbait unetan gazteei jendaurrean aritzeko ohitura falta sumatu arren, bertsoaldi eder ugari entzun ahal izan dituzte gaztetxera bertaratutako berrogeita hamar bertsozaleek.

Plazara ekimenak dituen helburuei ezin hobeto erantzun die Anoetako saioak. Antolatzaileen esanetan, izurriaren ondorioz desagertzear geratu den plaza mota bat berpizteko eta gazteei aukera bat emateko balio izan du saioak. Gazteek berriz, honakoa aitortu dute: “Hasieran oso urduri egon arren, saioa aurrera joan ahala lasaiago eta erosoago aritu gara bertsotan”. “Oihana eta Alaiaren ondoan kantatzea ohore bat izan da guretzat eta sekulako laguntza eman digute, gainera” gaineratu dute.

Plazara ekimenaren baitan bigarren saio bat ere izango dela jakinarazi du Harituz Bertsozale Taldeak. Martxoan izango omen da saio hori eta han ere, bertso-eskoletako hiru gaztek plazaz plaza dabiltzan bi bertsolarirekin partekatuko omen dute oholtza. Saioaren inguruko informazio gehiago datozen asteetan emango omen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!