Tolosaldeko bertsolari gazteak, Plazara

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2022ko otsailaren 6a

“Saioek bertsolari gazteei aukera emateaz gain, publiko gaztearengana hurbiltzeko helburua ere badute”

Harituz Bertsozale Taldeak Plazara ekimena antolatu du eskualdeko bertsolari gazteen plazaratzea helburu. Egitasmoa bi bertso saiok osatuko dute; bata, Anoetako gaztetxean izango da, otsailaren 11an. Bigarren saioaren eguna eta lekua, berriz, aurrerago jakinaraziko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.

Bertso saio bakoitzean eskualdeko hiru bertsolari gaztek eta plazaz plaza dabiltzan beste bik abestuko dute. Gai-jartzaile lanetan, berriz, eskualdeko gai-jartzaileak ariko dira. Anoetan izango den saioan, esaterako, Aratz Arzelus, Jon Mendiluze eta Izar Zelarain gazteez gain, Alaia Martin eta Oihana Iguaran bertsolariak ariko dira kantuan eta Iker Iriarte arduratuko da gaiak jartzeaz.

Harituz Bertsozale Taldeak bertsolari gazteen plazaratzean azpimarra jarri nahi omen du aurten; “bertso-eskolatik jendaurrera ateratzeko unea mugarria izaten da bertsolari gazteentzat eta prozesu hori erraztu eta bidean laguntzea da Harituzen helburua”. Hori dela eta, bertso saioak ere gazteen neurrira eginak egongo direla jakinarazi du Haritz Mujika koordinatzaileak; “bai bertsolari gazteentzat, baina baita publiko gaztearentzat ere”.

Azkenik, eskualdeko bertsozaleei Plazara ekimenaren baitan antolatutako saioetara hurbiltzeko deia luzatu nahi izan die Harituzek eta ez dela sarrerarik edo gonbidapenik beharko jakinarazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!