Tolosaldeko bertso-eskolen eguna, bertan behera

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2022ko urtarrilaren 19a

Antolatzaileek jakinarazi dute egun-pasa egiteko data berria aurrerago finkatuko dutela

Urtarrilaren 22an, Iruran zen egitekoa Harituz Bertsozale Taldeak antolatutako Bertso-Eskolen eguna. COVIDak azken asteetan eskualdean izandako gorakadak eta konfinatuta dauden bertso-eskoletako ikasle kopurua direla eta, bertan behera uztea erabaki du taldeak; “Bertso-eskoletako ikasle ugari konfinatuta daudenez, ezin izango lukete egun-pasan parte hartu eta modu horretan egun-pasa eginda ez lirateke jarritako helburuak beteko”.

Egun-pasan izena emateko epea urtarrilaren lehen astean zabaldu zuen Harituzek baina antolatzaileek azaldu dutenez, izen-ematea ere espero baino motelagoa izan da; “eskualdeko gaztetxoen positiboen gorakadak zenbait ikasle zein gurasok atzera egitea eragin du eta egun-pasa berme guztiekin egitea da guztiok nahi duguna”.

Larunbatekoa bertan behera utzi arren, 2022ko Tolosaldeko Bertso-Eskolen Eguna beste egun batean egitea da Harituzen asmoa; “Osasun egoerak hobera egin eta bai gurasoak, bai umeak lasaiago daudenean”. Hala ere, ez dute antolatzaileek data berririk zehaztu, egun-pasa egiteko data berria aurrerago finkatuko dutela jakinarazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!