Tolosaldeko Bertso-Eskolen Eguna urtarrilaren 22an, Iruran

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2022ko urtarrilaren 13a

2021ean Zizurkilen izandako arrakasta ikusita, antzeko egun-pasa antolatu du Harituzek aurtengorako.

Harituz Bertsozale Taldeak Tolosaldeko Bertso Eskolen Eguna antolatu du bigarren urtez jarraian. Urtarrilaren 22an izango da aurtengoa, larunbatez, Iruran. Bertso-eskoletako ikasleen arteko harreman sarea eraiki eta egun-pasa bikain bat egitea da ospakizunaren helburua, betiere, euskara eta bertsolaritza ardatz hartuta.

Tolosaldeko Bertso-Eskoletan dabiltzan haurrez gain, bertso-eskolan ez dabiltzan baina bertsolaritzarekiko interesa daukaten haur eta gaztetxoak ere gonbidatu ditu Harituzek egun-pasara: “Hamar eta hamalau urte bitarteko Tolosaldeko bertsozale guztiak gonbidatu nahi ditugu lagun berriak egin, bertsoaz gozatu eta tarte atsegina pasatzera”.

Egunaren egitaraua guztiz zehazteke egon arren, 2021ean Zizurkilen izandako arrakasta ikusita, antzeko egun-pasa antolatzen ari da Harituz aurtengorako; beraz, jolasik, bertsorik, irririk eta zirrararik ez da faltako. Hori dela eta, taldeak eskualdeko haur eta gaztetxok parte hartzera gonbidatu nahi ditu.

Izena-eman nahi dutenez, posta elektroniko bat bidali beharko dute harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora urtarrilaren 18a baino lehen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!