Bertsoa eta Zirkua uztartuko dituen saio berezia antolatu dute elkarlanean Harituz Bertsozale Elkarguneak, Gure Zirkuak eta Galtzaundi Euskara Taldeak. Publiko desberdinari bideratutako bi emanaldik osatuko dute ikuskizuna, eta ahozko inprobisazioa eta zirkuko disziplina desberdinak uztartuko dituzte zuzenean bertsolariek eta Gure Zirkuko artistek. Abenduaren 11ean izango dira emanaldiak, Tolosako San Esteban auzoan kokatutako Gure Zirkuko karpan.
Goizean, haurrei eta gaztetxoenei begirako ikuskizuna eskainiko dute Gure Zirkuko artistek eta Tolosaldeko hiru bertsolarik: Oihana Iguaranek, Unai Mendizabalek eta Haritz Mujikak. Haurrentzat eta gaztetxoentzat bideratutako saioa izango da, bai gaiak eta bai emanaldiaren iraupena haietara egokituko baitira. Gai-jartzaile lanetan Iker Iriarte eta Imanol Artola arituko dira. 12:00etan izango da goizeko saioa.
Arratsaldean, berriz, helduenei zuzendutako emanaldiaren txanda izango da. Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Julio Soto arituko dira kantuan, Gure Zirkuko artistekin batera. Arratsaldean ere Iker Iriarte eta Imanol Artola arduratuko dira bertsolariei nahiz zirkuko artistei gaiak jarri, eta bertsoak eta zirkua uztartzeko bideratze lana egiteaz. Arratsaldeko saioa 18:00etan hasiko da.
Ikuskizun berezia da Harituzek, Gure Zirkuak eta Galtzaundik antolatu dutena. Bertsoak eta zirkua elkartzeaz gain, haurrentzat zein helduentzat bideratutako saio banak osatuko dute eguneko egitaraua, bertsolarien inprobisazio eta errimatze gaitasuna, zirkuko arte disziplina desberdinekin nahastuz. Eta nola ez, Gure Zirkuko karpan egingo diren emanaldietan, ez dira faltako umorea, musika, beste hainbat sorpresa, publikoaren gozamenerako. Saioaren antolakuntzan lagundu dute Bertsozale elkarteak eta Tolosako Udalak.
Sarrerak nola eskuratu
Bi emanaldietarako sarrerak presentzialki soilik eskuratu ahalko dira. Bihar jarriko dira salgai, 10:00etatik 12:00etara, bi lekutan: Galtzaundi Euskara Taldearen Tolosako egoitzan eta Villabonako Subijana Etxean. Goizeko emanaldiko sarrerek 5 euroko prezioa dute eta pertsona bakoitzak, gehienez, bost sarrera eskuratu ahal izango ditu. Arratsaldeko saiorako sarrerek, berriz, 13 euroko prezioa dute eta pertsona bakoitzak, gehienez, bi sarrera erosi ahal izango ditu. Galtzaundikideek deskontua izango dute arratsaldeko saiorako sarreretan elkarteko Tolosako egoitzan sarrerak erosiz gero, eta 10 euroan bina sarrera eskuratzeko aukera izango dute bihar, bertan. Egunean bertan ez badira sarrera guztiak saltzen, Galtzaundiren egoitzan egongo dira salgai azaroaren 29tik aurrera.