Ispilu izpitan gazteen mailan eta Hitz erdiez bi hitz helduen mailan, izan dira aurtengo Otaño bertso-paper sariketako sorta irabazleak. Tolosaldeko ikasgelen arteko mailan, berriz, Tolosako Herrikide Ikastetxeko gaztetxoek idatzitako Ikasturte berriko irteerak lana saritu du epaimahaiak. Hernandorena Kultur Elkarteak eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak antolatutako lehiaketak parte-hartze handia izan du VIII. edizioan ere eta honako lan eta bertso-jartzaileak saritu ditu Harituz Bertsozale Taldeak osatutako epaimahaiak:
HELDUEN MAILAN:
- SARIA: HITZ ERDIEZ BI HITZ. Iñigo Legorburu
- SARIA: PROBLEMA EZ ZARA ZU. Aner Peritz
GAZTEEN MAILAN:
- SARIA: ISPILU IZPITAN. Maddi Etxeberria
- SARIA: ZER HARTU ETA ZER EMAN? HARREMAN. Ane Zubia
- AIPAMEN BEREZIA: PERTSONA NORMALAREN PILULAK. Beñat Mateos
GELEN ARTEKO MAILAN:
- SARIA: IKASTURTE BERRIKO IRTEERAK. Tolosako Herrikide Ikastetxea.
- SARIA: JANGELAKO MENUA. Bidania-Goiatzko Txinkorta Eskola.
Epaimahaia osatu duten kideek jasotako lanen aniztasuna eta kalitatea azpimarratu nahi izan dituzte. “Bai gazteteen mailan, baita helduenean ere lan on ugari jaso ditugu. Aurten, gainera, sorta asko autobiografikoak izan daitezkeela iruditu zaigu, gai askorekiko bertso-jartzaileen jakintza, gertutasun eta trataera dela eta”. Antolatzaileek aitortu dutenez, gaztetxoen mailan jasotako lanen kopuru murritza izan da aurtengo puntu negatiboa; “bi lan besterik ez dira jaso maila horretan eta jasotako lan horiek ez dituzte saria merezi izateko irizpideak bete”.
Gelen arteko mailan, berriz, Tolosako Herrikide Ikastetxeko ikasleek sortutako Ikasturte berrirako irteerak sorta izan da garailea eta Bidania-Goiatzko Txinkorta eskolako ikasleek eskuratu dute bigarren saria, Jangelako menua izeneko sortarekin. “Urtero moduan, irudimen handiko eta kontakizun ederreko lanak jaso ditugu gelen arteko mailan eta zaila izan da horietatik bi bereiztea”, aitortu dute epaimahaiko kideek. Horrekin batera, maila horretan jasotako sorta kopuru handiarekin pozik agertu dira.
Sari banaketa ekitaldia telematikoki egingo da aurten ere, euskararen egunean. Iaz bezala bertso-jartzaileek euren sortak bideo bidez grabatuko dituzte eta horiek abenduko lehen astean argitaratuko dira Harituzen sare sozialetan zein eskualdeko hedabideetan.