Hamaika bertso eskola taldek ekin diote ikasturte berriari Tolosaldean. Hirurogeita bost gaztetxo, gazte eta heldu ari dira bertsolaritza lantzen urriaren lehen asteaz geroztik, eskualdeko zortzi herritan. Aurten, bi bertso eskola talde berri sortu dira.
Irailean zehar umeentzako bertso saio parte hartzaileak eskaini zituzten eskualdeko ikastetxeetan Harituzeko kideek. Saio horien helburua, bertso eskolen promozioa egitea izan zen, besteak beste. Antolatzaileek azaldu dutenez, ondorioz, “haur askok azaldu dute bertso eskolan izena-emateko interesa baina eskolaz kanpoko ekintzen gehiegizko eskaintzak zenbait ikastarori uko egitera derrigortzen ditu ikasleak”. Horren aurrean, aurten eguerdietako bertso eskola saioak berrartu eta arratsaldeetako eskaintza zabaldu du taldeak.
Gu Ere Bertsotan proiektuko irakasleak lagun izan dituzte Harituzeko kideek bertso eskoletara ikasleak erakartzerako garaian eta haien garrantzia azpimarratu nahi izan du koordinatzaileak; “ikasleak ondoen ezagutzen dituztenak beraiek direnez, bertso eskolek arrakasta izatekotan, garrantzitsua da norabide berean lan egitea. Bertsoa ez baita futbola edo pilota eta taldeak osatzeko ahalegin handia egin behar izaten da”.
Ikasturtea hasi den arren, bertso eskoletako ateak ikasle berrientzat zabalik daudela jakinarazi du elkarteak eta interesa duenak harituz.bzt@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzeko eskaria egin dute.