Harituz Bertsozale Taldea eskualdeko bertso eskoletako izen-emate kanpaina betean dago. Irailaren bigarren astean zabaldu zuten izen-emate epea eta urriaren 1era arte egongo da zabalik. Bertso eskolan parte hartu nahi duten haur eta gaztetxoek norbere herriko Udalak edota ikastetxeak zabaldutako izen-emate orria bete behar du edota harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora idatzi, izen-emate orria eskatuz.
Orain arte izen-ematea “erritmo apalean” doala adierazi dute bertako zuzendaritza batzordetik. “COVID-19ak eragindako geldialdiaren ondoren, eskolaz kanpoko ekintza mordoa jarri dira martxan aurten, berriro ere. Hori dela eta, umeen agenda berrantolatu beharra eragozpena izaten ari da, bai haurrak erakartzerako garaian, baita taldekideen artean eguna eta ordutegia adosterakoan ere”. Hala ere, urriaren 1a iristerako haur eta gaztetxo gehiagok izena ematea espero dute.
2020-2021 ikasturtean, 11 bertso eskola talde izan zituen Harituzek Tolosaldean zehar banatuta, “orain arteko talde gehien” eta aurten ere talde kopuru hori “mantentzea” dute helburutzat antolatzaileek. Haietan, 10 eta 15 urte bitarteko gaztetxoak biltzen dira, abestuz, jolastuz eta laguntasun harreman berriak eraikiz, bertsotan ikasteko. “Ikasle askok urte luzez parte hartzen dute bertso eskolan eta taldeen oinarria beraiek izaten dira, haiek eta haiek eraikitako laguntasun harremanak”.
Izen-ematea urrira arte zabalik dagoenez, eskualdeko haurrak gertuen duten bertso eskolara gonbidatu nahi ditu taldeak, ikasleek bertso-eskola zer den proba dezaten, “bertso eskola ez da futbol edota pilota eskola, harremanak beste modu batera eraikitzen dira eta eskolako zein kirol jardueratako rolak erabat aldatzen dira. Hemen, denentzat dago lekua”.