Umeentzako bertso saio partizipatiboak Harituzen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2021eko irailaren 14a

Hogei saio baino gehiago eskainiko ditu Elkarteak Tolosaldean.

Beraiei egokitutako bertso saioak entzun eta haietan parte hartzeko aukera izango dute eskualdeko umeek datozen asteetan, Harituz Bertsozale Taldearen eskutik. Irailean zehar ikastetxez-ikastetxe ibiliko dira elkarteko kideak eta haurrek bertso saio bat zer den ezagutzea eta haiek bertsozaletzea izango dira egitasmoaren helburuak.

Irailaren 14an egin du Harituzek lehenengo saioa Ibarrako Uzturpe Ikastolan eta bertako arduradunak “oso pozik” daude ikastetxean antolatutako ekintzarekin. Datozen egunetan, hogei saio baino gehiago egitea aurreikusi du taldeak, eskualdeko hainbat ikastetxetan. 2020-2021 ikasturte amaieran ere umeentzako saioak eskaini zituzten eskualdeko bertsolariek Tolosaldeko ikastetxeetan eta orduan ere balorapen ezin hobea egin zuten bai antolatzaileek, baita ikastetxeek ere.

Bertso saio horien bidez haurrak eskualdeko bertso-eskoletara erakartzea ere lortu nahi du Harituzek. Azken ikasturteetan, hamar bertso eskola talde inguru egon dira Tolosaldean eta aurten ere ikasle kopuruari eustea da taldearen asmoa. Interesa dutenek Harituz Bertsozale Taldearekin harremanetan jartzeko eskera egin dute antolatzaileek harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora idatziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!