Bart izan da Zizurkil Goiko bertso jaialdia, urtero moduan, Amabirjin egunez. Ohikoa den eran, sei bertsolari aritu dira kantuan eta Igotz Alkortak aurkeztu du saioa, azken hogei urteetan bezala. Atzokoa, ordea, berezia izan da: zizurkildarrek nahiz bertsolariek omenaldi berezia eskaini diote Alkortari, hogei urtez gaiak jarri eta saioa aurkezten egindako lana eskertuz.
Alaia Martin, Amaia Agirre, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Unai Mendizabal aritu dira kantuan ordu eta erdi inguru iraun duen bertso saio bizi eta bikainean. Bakarka, binaka, seriotik nahiz umorez aritu ostean, bukaerako agurren aurretik, jaso du omenaldia Alkortak. Janire San Sebastian Zizurkilgo festa batzordeko kidea oholtzara igo da eta koadro bat eman dio gai-jartzaileari; hogei urtean zehar bildutako argazkiak ikus daitezke bertan, Unai Mendizabal herritarrak egindako bertso bat erdian dela. Hori guztia, bertsozale nahiz bertsolarien txalo zaparrada artean.
2002an aurkeztu zuen lehenengoz bertso jaialdia Alkortak, 18 urterekin. “Herrian, beste hainbat ekitaldi aurkezten nituen ordurako eta bertso saiorako aurkezlea falta genuenez, niri egokitu zitzaidan ardura hori hartzea”, gogoratzen du Alkortak. Lehen urteetan, gaiak taldean jartzen omen zituzten baina urteen joanean, talde hori txikiagotuz joatearen poderioz, 2009az geroztik aritu izan da gai-jartzaile nahiz aurkezle lanetan.
Hogei urtean zehar bildutako oroitzapen eder asko ditu zizurkildarrak: “Anekdotetan nagusia 2003koa izango da; lehorte handiko uda izan zen hura. Euririk egin gabe bi hilabete zeramatzan eta abuztuaren 15 gauean, saioa hasi genuenean hasi zuen euria. Oholtza plaza librean zegoen eta Joxe Agirre zenak zapia buruan zuela egin zuen ofizioa. Traste guztiak frontoira eraman eta han amaitu genuen saioa”.
Herriko saioan gai-jartzaile izatea beretzat ardura handia izan dela aitortu du Alkortak baina tokian tokiko gai-jartzailea izateak dituen onurak ere ezagun ditu: “Herria eta herriko gertaerak ondo ezagutzea sekulako abantaila da, saioan zehar horri hel diezaiokezulako. Horrekin bakarrik, ordea, ez da nahikoa. Saioa egoki egituratzea beharrezkoa da, baita bertsolariak ezagutu eta haietako bakoitzari bere onena ateratzeko bide ematea ere”.
Hogei urtez jarraian bertsolariekin oholtza partekatu ostean, datorren urtean, saioaz publikotik gozatuko duela azaldu du Alkortak. Jaso duen omenaldia, berriz, ondo gogoan izango du aurrerantzean: “Ez nuen inondik inora horrelako gauzarik espero, eta emozioek gain hartuta ere egon nintzen une batzuetan. Orain biharamun gozoa utzi dit eta betirako gordeko dudan oroitzapen bat da. Oso eskertuta nago”.