Tolosaldeko bertsolari gazteen saio arrakastatsua

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2021eko ekainaren 22a

“Bertso-eskolen ikasturteari amaiera emateko modu ezin hobea izan da”

Eskualdeko zortzi bertsolari gaztek bertso saioa eskaini zuten larunbatean, Adunan. Harituz Bertsozale Taldeak ikasleek jendaurrean aritzeko aukera izan zezaten antolatu zuen saioa eta bai bertsolarien, bai publikoaren erantzuna ezin hobea izan zen. Garoa Lizartza gai-jartzaileak proposatutako ariketei bikain erantzun zieten gazteek bete-bete eginda zegoen Adunako Elordi plazan.

Ane Zubia, Aratz Arzelus, Asier Arteaga, Beñat Mateos, Eki Mateorena, Jon Mendiluze, Izar Zelarain eta Oibar Olano aritu ziren kantuan. “Denek eskaini dituzte ale politak, ariketa batean izan ez bada, bestean”, adierazi du Harituzeko koordinatzaileak. Gazteak ere “gustura” geratu ziren egindako saioarekin, “nahiz eta beti izaten den zer hobetua”. Saioa entzutera hurbildutakoek, berriz, gazteen indarra eta ilusioa azpimarratu zuten, eskualdeko bertsolaritzaren etorkizun oparoaren erakusgarri.

Harituzek larunbateko saioarekin eman zien amaiera 2020-2021 ikasturteko bertso-eskola saio zein ekimenei. Datorren ikasturtean, ekintza eta dinamika gehiago martxan jarriko dituztela jakinarazi du taldeak eta bide batez, balioa eman nahi izan diote larunbateko saioari: “Bertso-eskolen ikasturteari amaiera emateko modu ezin hobea izan da”.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!