Umeentzako bertso saio partizipatiboak eskaini ditu Harituzek eskualdeko ikastetxeetan

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2021eko ekainaren 17a

2021-2022 ikasturteko bertso-eskola taldeak antolatzen ari da Harituz eta aurrematrikulazio kanpaina zabalik dago dagoeneko

Harituz Bertsozale Taldeak hamasei saio partizipatibo eskaini ditu udaberrian, eskualdeko ikastetxeetan. Ikasturte amaiera aitzakiatzat hartuta, “Gu ere bertsotan” proiektuan parte hartu duten ikastetxeetan eskaini dituzte saio horiek. Bertso saioetan bi bertsolari aritu dira kantuan eta ikasleak izan dira gai-jartzaile rola hartu dutenak. Berrehun haur baino gehiagok gozatu ahal izan dute saio horiez.

Ikasturte guztian zehar bertsolaritza lantzen aritu dira eskualdeko ikastetxe ia guztietako ikasleak eta azken saioan, beraiei eskainitako saio bat ikusi eta entzun ahal izan dute Harituz Bertsozale Taldearen eskutik. Saio horietan, gaiak jartzeaz gain, kanturako tartea ere izan dute gaztetxoek eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, bai gaiak jartzerakoan, bai bat-batean aritzerakoan, agerian utzi omen dute urtean zehar ikasitakoa.

Harituz ekainean ari da 2021-2022 ikasturteko bertso-eskola taldeak antolatzen eta zabalik dago dagoeneko aurrematrikulazio kanpaina. Bertso eskolan parte hartu nahi dutenek euren ikastetxeetan eskatu beharko dute izen-emate orria edota mezu bat idatzi harituz.bzt@gmail.com helbidera, euren interesa azalduz. 2020-2021 ikasturtean, hamaika bertso-eskola talde egon dira eskualdean eta datorren ikasturtean gehiago izatea espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!