Gipuzkoako Eskolarteko Bertso-paper Lehiaketako sariak, banatuta

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2021eko ekainaren 11

Epaimahaiak jasotako lanen maila ona azpimarratu nahi izan du parte-hartzaileak zoriontzearekin batera.

Ikastolen Elkarteak antolatzen duen Gipuzkoako Eskolarteko Bertso-paper Lehiaketako sariak banatu zituzten ekainaren 9an, Hernaniko Biteri aretoan. Hiru eskualdetako haur eta gaztetxo sarituek euren sariak jaso zituzten bertan, tartean, Tolosaldekoek. 2003-2006 urteetan jaiotakoen artean, Beñat Mateos eta Aratz Arzelus izan dira irabazleak. 2007-2008koetan, berriz, Maddi eta Eneko Zubia izan dira garaileak eta 2009-2010ekoen mailan, Joane Martinez eta Ekhi Lasa. 2011-2012 urteetan jaiotakoen mailan, ez da lanik aurkeztu.

Aurtengo txapelketan on line bidez parte hartu behar izan dute eskualdeko bertso jartzaile gazteek. Indarrean dauden osasun neurriak medio, ezin izan da aurrez-aurreko saiorik egin baina hala ere, seiehun lan baino gehiago aurkeztu dira txapelketara. Epaimahaiak jasotako lanen maila ona azpimarratu nahi izan du parte-hartzaileak zoriontzearekin batera.

Sari banaketa ekitaldian, gaztetxoek bertso saio batez gozatu ahal izan zuten euren sariak jaso aurretik. Oihana Iguaran amasarra eta Unai Gaztelumendi añorgarrak Haritz Mujika aurkezlearen babesean osatu zuten saioa eta publikoak jarritako ariketei erantzun behar izan zieten. Saioa amaitu ostean, “oso gustura” egon zirela aipatu zuten gaztetxo askok eta askok.

Ikastolen Elkarteak 2022an ere Gipuzkoako Eskolarteko Bertso-paper Lehiaketa antolatzen jarraitzeko asmoa du. Hurrengo ikasturterako erronka aurrez-aurreko saioak berrartzea izango omen da, bertso-paperak idazteaz gain, umeek euren harreman sarea zabaltzeko aukera izan dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!