Tolosaldeko bertsolari gazteen saioa, ekainaren 19an, Adunan

Eskualdeko bertso-eskoletan dabiltzan sei gaztek parte hartu dute aurten eskolarteko bertsolari txapelketan

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak eta Adunako Udalak antolatu dute Tolosaldeko bertsolari gazteen saioa, bertso-eskoletan dabiltzan eskualdeko gazteek urtean zehar ikasitakoa erakusteko aukera izan dezaten. Ekainaren 19an izango da saioa, Adunako Elordi plazan eta kantuan ariko dira Ane Zubia, Aratz Arzelus, Asier Arteaga, Beñat Mateos, Eki Mateorena, Erik Aranzabal, Izar Zelarain, Jon Mendiluze eta Oibar Olano bertsolariak. Gai-jartzen, berriz, Garoa Lizartza gazte ibarratarra ariko da.

Bertso saioak ohiko jaialdiek izaten duten egitura eta ariketa antzekoak izango dituela jakinarazi dute antolatzaileek eta bertsozaleek gozatzeko moduko saioa izango dela: “pixkanaka bertso maila hobetu eta esperientzia hartuz doaz gazteak eta bertsoaldi geroz eta hobeak osatzen dituzte”. Euren mailaren erakusgarri, aurten, seik eskolarteko bertsolari txapelketan parte hartu izana. Gai jartzaile lanetan eskualdeko gazte bat aritzea, berriz, “albiste ezin hobea” dela aitortu dute Harituzeko arduradunek, euren esanetan, bertsolaritza ekosistema elikatzekotan, bertsozale zein gai-jartzaile gazteak ere ezinbestekoak baitira.

Eguraldi txarra egingo balu, Adunako elizan izango da saioa, 11:30ean hasita eta saioa entzuteko ez da sarrerarik beharko. Antolatzaileek eskualdeko bertsozaleak gonbidatu nahi dituzte saioaz gozatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!