2021-2022 ikasturteko bertso-eskoletan izena emateko epea, ostiralera arte zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2021eko ekainaren 8a

Izena eman nahi duten ikasleek norbere ikastetxeetan eskatu behar dute aurrematrikulazio orria edota harituz.bzt@gmail.com helbidera idatzi euren interesaren berri emanez.

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldea hasi da dagoeneko 2021-2022 ikasturteko bertso-eskola taldeak antolatzen eta haietan parte-hartzeko aurrematrikulazio epea zabalik dago. Hamar urtetik gorako haur nahiz gaztetxoek izena eman dezakete bertso-eskolan eta horretarako ekainaren 11ra arteko epea daukate.

Izena eman nahi duten ikasleek norbere ikastetxeetan eskatu behar dute aurrematrikulazio orria edota harituz.bzt@gmail.com helbidera idatzi euren interesaren berri emanez. Bertsozale Taldeak izen-emate horien arabera antolatuko ditu datorren ikasturteko talde zein ordutegiak eta behin iraila iristean, behin-betiko matrikula egin beharko dute bertso-eskolan hasteko asmoa daukaten gaztetxoek.

Harituzek bertso-eskolan izena ematera animatu nahi ditu eskualdeko haurrak, bertan, denentzako lekua dagoela argi baitaukate: “Bertsolaritza ezagutu eta bertsotan ikasteko lekua da bertso eskola, hizkuntzaren eta sormenaren bueltan, kantuan nahiz hitzekin jolasean aritzeko lekua. Norbere konpetentzia musikal, kultural eta sozialak garatzeko espazioa baina batez ere, lagun berriak egin eta zaletasun berri bat ezagutzeko aukera da bertso eskola.”
 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!