2020-2021 ikasturteko bertso-eskola saioak amaitzear

2021-2022 ikasturteko aurrematrikulazio kanpaina zabalik dago dagoeneko eta eskualdeko haur eta gaztetxoei izena-emateko gonbidapena luzatu nahi die elkarteak.

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak antolatu eta kudeatzen dituen bertso eskolak ikasturte amaierara iristen ari dira. Ekainaren 7an izango dute ikasleek azken bertso-eskola saioa, udako oporrak hartu aurretik. 2020-2021 ikasturtean, hirurogei haur eta gaztetxo inguruk parte hartu dute Tolosaldeko bertso eskoletan, hamabi taldetan banatuta.

Elkarteko koordinatzaile den Haritz Mujikak ikasturtearen balorazio “oso positiboa” egin nahi izan du. Bertso eskola saioek izandako jarraikortasunean eta funtzionamendu egokian jarri nahi izan du azpimarra Mujikak: “ikasturte osoan zehar, ez dugu bertso-eskola saiorik bertan behera utzi beharrik izan eta lortu dugu segurtasun neurriak bermatuz, jarduera dinamikoak egitea nahiz ikasleen arteko harremanak sustatzea”.

Azken ikasturteetako lan ildoari jarraituz, bat-bateko bertsolaritzaren lanketa egin dute aurten ere Harituzen bertso eskoletan. Haurrak bat-batean sortzera trebatzea da elkartearen helburua, horretarako beharrezkoak diren konpetentziak bildu eta plazaz-plaza dabiltzan bertsolarien esperientziara hurbil daitezen: “ikasturte amaierako emanaldian, ikasleak bat-batean aritu ziren oholtza gainean kantuan eta esperientzia ezin hobea izan dela azpimarratu dute”.

2021-2022 ikasturteko aurrematrikulazio kanpaina zabalik dago dagoeneko eta eskualdeko haur eta gaztetxoei izena-emateko gonbidapena luzatu nahi die elkarteak. Horretarako, izen-emate orriak nork bere ikastetxean eskatu eta bete besterik ez omen dira egin behar.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!