Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldea datorren ikasturteko bertso-eskola taldeak osatzen ari da dagoeneko eta horretarako, aurrematrikulazio kanpaina jarri du martxan. Ekainaren 11ra arte egongo da zabalik eta eskualdeko haur zein gaztetxoek eman ahal izango dute izena. Aurrematrikulen bidez, datorren ikasturteko aurreikuspenak egingo ditu taldeak baina matrikula formala irailean egin beharko da.
Orain arte irailean egin izan du Harituzek izen-emate kanpaina baina koordinatzaileak azaldu duenez, ekaina egokiagoa da ikasleak bertso eskoletara erakartzeko: “batetik, euren agendak bete gabe egoten dira oraindik eta bestetik, ikasturtean zehar bertsolaritza landu dutenez, interes handiagoa izaten dute bertso eskolekiko”. Horrez gain, maiatzean eta ekainean, Harituz umeentzako bertso saioak eskaintzen ari da eskualdeko ikastetxeetan, haien jakin-mina piztu asmoz.
2020-2021 ikasturteari dagokionez, balorazio “oso positiboa” egin du taldeak: “irailetik ekainera bertso eskola saio guztiak normaltasunez egin ahal izan ditugu eta ikasle kopurua ere azken urteetakoaren antzekoa izan da”. Datorren ikasturtean, haur eta gaztetxo gehiago animatzea espero dute eta aisialdiko ekintzak berrartzeko aukera izatea.