Maiatzaren 1eko bertso bazkaria, bertan behera

Osasun egoera hobetzen denean, berriro antolatzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek.

Harituz Bertsozale Taldeak bertan behera utzi du maiatzaren 1ean, Adunako Aburuza Sagardotegian, egitekoa zen bertso bazkaria. Osasun egoera larriak erabaki hori hartzera bultza du elkartea: “Aduna eremu gorrian egon ez arren, eskualdeko herri asko daude egoera horretan, itxiera perimetrala ezarrita. Hori dela eta, une honetan ez du zentzurik eskualdetik eta eskualdearentzat antolatutako bertso bazkaria egiteak.”

Bertso bazkarira joateko txartela erosi dutenei, datozen egunetan egingo die diru itzulketa Harituz Bertsozale Taldeak. Dagoeneko ehun sarrera baino gehiago salduta omen zeuden Oihana Iguaran eta Amets Arzallus kantuan ariko ziren bertso bazkarirako. Harituzeko koordinatzaileak adierazi duenez, horrek erakusten du bertsozaleak gogoz daudela mahai inguruan bildu eta bertso saio batez gozatzeko.

Osasun egoera hobetzean, bertso bazkaria berriz antolatzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek; “Uda aurretik bertso bazkaria antolatzea da gure helburua baina osasun egoerak baldintzatuko du hori guztia”. Egingo den garaian egingo dela ere, eskualdeko bertsozale guztiei gonbidapena luzatuko dietela jakinarazi du Harituzek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!