Eskualdeko bost bertsolari gazte, Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2021eko apirilaren 22a

Saioetarako gonbidapenak bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira, saioaren aurreko astelehenetik aurrera.

Apirilaren 23an Oiartzunen hasi eta maiatzaren 28an Urnietan amaituko da 2021eko Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Aurten, hogei bertsolari ariko dira kantuan eta horietatik bost eskualdekoak dira: Ane Zubia ibartarra, Aratz Arzelus amasarra, Beñat Mateos asteasuarra, Izar Zelarain villabonarra eta Jon Mendiluze irurarra.

Ane Zubia eta Aratz Arzelusek Asteasuko kanporaketan parte hartuko dute, apirilaren 30ean. Saioa udaletxeko aretoan izango da, 19:00etan hasita eta gonbidapenak bertsosarrerak.eus atarian hartu ahal izango dira apirilaren 26tik aurrera. Beñat Mateos eta Izar Zelarain, berriz, Azpeitiako soreasu antzokian ariko dira kantuan, maiatzaren 7an, eta Jon Mendiluzeren txanda, berriz, maiatzaren 14an izango da, Arrasateko Kulturarten.

Lau kanporaketa izango ditu txapelketak eta sei bertsolarik eskuratuko dute maiatzaren 28an, Urnietan izango den finalerako txartela. Finalera pasako diren bertsolariak saio bakoitzeko irabazleak eta puntuazio onena duten beste bi bertsolariak izango dira.

Eskualdeko bertsolariak gogotsu daude txapelketaren atarian. Helburu nagusia “bertso eskolan erakutsitako maila erakustea” dela adierazi dute. “Ea urduritasunak ez digun gain hartzen eta goza dezakegun”, aitortu dute zenbaitek.

Harituz Bertsozale Taldeak Asteasuko saiora gonbidatu nahi ditu eskualdeko bertsozaleak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!