Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak udaberrian eskainiko ditu gazte eta helduentzako bertsolaritza tailerrak. Ordu eta erdiko lau saioz osatuta daude tailerrak eta bertsolaritza ezagutu eta bertsotan ikasiz gozatu nahi dutenei zuzenduta daude. Leaburun, Iruran eta Aiztondo bailaran izango dira udaberrian eta dagoeneko zabalik dago horietako izen-ematea.
Harituzeko arduradunek adierazi dutenez, bertsolaritzarekiko interesa daukaten eta 16 urte baino gehiago dituzten herritarrek parte hartzeko sortu dituzte tailerrak, izan ezagutzarik ez daukatenentzat nahiz aurrez bertsozale direnentzat. Saioetan, bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza eraiki eta bat-batean aritzeko trebetasun minimoak eskuratzea izango da helburua. Tolosaldeko herri guztietako bertsozaleak gonbidatu nahi ditu Harituzek tailerretan parte hartzera.
Apuntatzeko epea zabalik egongo da martxoaren 26ra arte. Leaburuko tailerrean parte hartzeko, harituz.bzt@gmail.com helbidera mezu bat idatziz egin beharko da izen-ematea. Beste bi tailerretan izena eman nahi duenak Irurako kultur etxean, nahiz Aiztondo bailarako liburutegietan izango du horretarako aukera. Tailerren egunak eta ordutegia zehazteko, berriz, parte-hartzailearekin bilduko dira Harituzeko arduradunak eta taldekideei egokien datozkien egun eta orduak aukeratuko omen dituzte.