Harituzen gazte eta helduentzako bertso tailerrak martxan

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2021eko otsailaren 18a

Udaberrian zehar lau tailer eskaintzea aurreikusi du elkarteak, eskualdeko herri desberdinetan.

Gaur emango dio hasiera Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak Berastegiko bertso tailerrari. Herriko gaztelekuan izango da tailerra eta 12 eta 16 urte bitarteko hamar gaztek parte hartuko dute bertan. Bertso tailerren helburua bertsotan bat-batean aritzeko oinarrizko ezagutzak eta konpetentziak barneratzea izango da eta ordu eta erdi inguruko lau saioz osatuta egongo dira tailerrak. Berastegiko kasuan, Iñigo Gorostartzu bertsolari berastegiarra arduratuko da saioak dinamizatzeaz.

“Tailerraren amaieran, ikasleak bat-batean puntutan aritzeko gai izatea da gure helburua eta ospakizunetarako nahiz egun berezietarako bertsoak norberak egiteko konpetentziak eskuratzea, beste inori eskean ibili beharrik izan gabe.”, adierazi du Harituzeko koordinatzaileak. Hori lortzeko, gainera, ikasleek oinarri sendoa dutela ere azaldu du Haritz Mujikak; “Eskualdeko ia gazte guztiek bertsolaritza landu dute ikastetxean, beraz, abiapuntua ezin hobea dela esan daiteke”.

Udaberrian zehar lau tailer eskaintzea aurreikusi du elkarteak, eskualdeko herri desberdinetan. Tolosaldeko azpieskualde bakoitzean tailer bana egin nahi lukete eta horietan parte hartzera bultza nahi dituzte eskualdeko bertsozale gazte zein helduak. “Tailerrak ordu eta erdi inguruko lau saioz osatuko dira eta saioak egiteko eguna eta ordua, berriz, izena ematen duten partaideen arabera zehaztuko dira.”, azaldu dute antolatzaileek. Modu horretan, interesa duen orok parte hartzea erraztu nahi omen dute.

Tailerretako izen-emate orriak Aste Santuaren aurretik banatuko omen dituzte eskualdeko Udalen bidez baina informazio gehiago nahi duenarentzat ere eskuragarri jarri dute elkartearen helbide elektronikoa: harituz.bzt@gmail.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!