Tolosaldeko Santa Eskea 2021

Santa eskea 2021 - Aiztondo

“Egitasmoak herritik eta herriarentzat sortua izan nahi zuen eta hala izaten ari da.”

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak Tolosaldeko Santa Eskea 2021 egitasmoa martxan jarri du aurten, ohitura zaharrari urtero moduan eustea ezinezkoa izanagatik, usadioari eutsi ahal izateko. Horretarako, eskualdeko bertsozale eta kulturgileen bideoak jaso eta editatu dituzte, egun berezia modu berezian ospatzeko. Hogeita hamar koplari baino gehiago, hogeita bat herri, lau bideo, bi trikitilari eta abesbatza bat. Horiek denak ari dira 2021eko Tolosaldeko Santa Eskean parte hartzen.

Bideoak grabatuz parte hartu duen jendearen artean, bertsozaleak, trikitilariak, bertso eskoletako ikasleak, inoiz edo behin koplaren bat edo beste abestu dutenak eta koplarik abesten ez dakitenak ere badaudela azpimarratu dute antolatzaileek; “Ikaztegietako Abesbatzak esaterako, koplarik sortzen ez dakitela eta, ea beraiek egun horretarako sortuta daukaten abestia bidal al zezaketen galdegin digute. Gure erantzuna, baiezkoa, noski! Egitasmoak herritik eta herriarentzat sortua izan nahi zuen eta hala izaten ari da.”

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartu duten herritar guztiei eta bideoan trikitixa jotzen ageri den Xanti Azurmendiri ez baitzaio irudian aurpegirik ikusten. Santa Eske egunerako prestatutako bideoak egun osoan zehar sare sozialetan bolo-bolo ibiltzea espero dute eta Ataria irratian zein Euskadi Irratian ere emango dituztela iragarri dute. Ikusi eta entzun guztiak, hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!