Tolosaldeko Santa Eskea 2021

Santa Eske birtuala antolatu du Harituzek

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2021eko urtarrilaren 28a

Eskualdeko herri guztietako jendeak parte hartzea da taldearen helburua

2021eko otsailaren 4an ezin izango da eskualdeko herrietan Santa Eskean atera. Horren aurrean, Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak Santa Eske birtuala martxan jartzea erabaki du; eskualdeko bertsozaleen koplak bildu eta Santa Ageda bezpera egunean hainbat bideo argitaratuko dituzte.

Egitasmoan parte hartu nahi duenak Santa Eskeko doinuan abestutako kopla bideo bidez grabatu eta WeTransfer bidez harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko du otsailaren 1a baino lehen. "Eskualdeko herri guztietako jendearen koplak jasotzea sekulakoa litzateke", azaldu du Harituzeko koordinatzaileak.

Antolatzaileek adierazi dutenez, eskualdeko bertsolaritzarentzat egun seinalatua da otsailaren 4a eta aurten eskean ezin atera izanak, zenbait herritan ohitura bera ere "kolokan" jar lezakeela uste dute. Ohiturari bideo bidezko eskearen bidez eusteak, berriz, hori saihestu dezakeela uste dute, urteroko usadioaren jarraipena bermatuz eta eguna berezi eginez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!