Pello Errota sariketako bigarren kanporaketa, igandean Iruran

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2020ko urriaren 15a

Saioa entzuteko sarrerak aretoan bertan salduko dira, saioa hasi baino ordubete lehen

Unai Mendizabal zizurkildarra, Amaia Iturriotz, Iñigo Izagirre, Odei Barroso, Saioa Alkaiza eta Xabat Galletebeitia ariko dira nor baino nor igandean, Irurako kulturgunean. Saioa 17:30ean hasiko da eta bertan jakingo da zein sei bertsolari sailkatuko diren azaroaren 1ean Asteasun izango den finalera. Dagoeneko finalera sailkatuta daude Jon Martin eta Izarne Zelaia bertsolariak, Abaltzisketako kanporaketan lehenengo eta bigarren sailkatu baitziren, hurrenez hurren.

Saioa entzuteko sarrerak aretoan bertan salduko dira, saioa hasi baino ordubete lehen eta aretoko ateak 17:00etan zabalduko dira. Antolatzaileek bertsozaleei nahikoa denborarekin ibiltzeko deia egin nahi diete, segurtasun neurri guztiak bermatzen lagun dezaten.

Bigarren kanporaketan kantuan ariko den bertsolarien artean Unai Mendizabal zizurkildarra dago. Zizurkildarrak sariketa honetan parte hartzen duen lehen aldia du eta bertso saio txukun bat egiten saiatuko da, beregan hain ohikoak diren umore zertzeladak tartekatuz. Igandeko saiotik zuzenean finalera sailkatuko dira lehen bi sailkatuak eta beste bertsolariek, puntuaziorik altuena lortuta eskuratu beharko dute finalerako txartela.

ANE ZUBIA ESKOLARTEKO BERTSOLARI TXAPELKETAKO FINALEAN

Bihar izango da Azkoitian, Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala. Bertan, Ane Zubia ibarratarrak hartuko du parte. Txapelketa otsailean jarri zen martxan baina COVID-19aren ondorioz, ezin izan da finala orain arte egin. Eskualdeko ordezkariak “ahalik eta saio txukunena” egin nahi duela aitortu du eta gozatzen ere saiatuko dela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!