Ane Zubia ibartarrak eskolarteko bertsolari txapelketako finalean kantatuko du, ostiralean

Aretoa bete-beteta egongo da, ordu gutxitan banatu baitziren saiorako gonbidapenak

Azkoitiako kultur etxean izango da aurtengo eskolarteko bertsolari txapelketako finala, urriaren 16an. Ane Zubia Aranalde ibartarrak martxoan eskuratu zuen finalerako txartela eta berarekin batera, honako bost bertsolariek parte hartuko dute ostiraleko saioan: Maide Garmendia Jauregi, Aner Peritz Manterola, Naia Arrizabalaga Arrieta, Hodei Munduate Etxeberria eta Uxue Ostolaza Zubiak.

2020ko eskolartekoari otsailean eman zitzaion hasiera baina Oñatiko eta Ikaztegietako kanporaketak jokatu ostean, COVID-19aren ondorioz hartutako neurriek txapelketa bertan behera uztera behartu zuten antolakuntza, kanporaketa baten faltan. Hori dela eta, urriaren 2an berrekin zitzaion txapelketari eta azken finalaurrekoa Villabonan izan ondoren, Azkoitian emango zaio bukaera.

Finala ikusteko zeuden hirurogei gonbidapenak ordu gutxitan banatu zituzten antolatzaileek, beraz, aretoa bete-beteta egongo da, segurtasun neurriak betez, betiere. Ane Zubiak, bere aldetik, finalean bere lana egin eta gozatzea du xede, azken emaitzatik haratago. Azpimarratzekoa da bertsolari ibarratarrak lehen aldiz parte hartu duela eskolarteko txapelketan eta finalerako txartela lortzea “balio handikoa” dela beretzat.

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkargunetik jakinarazi dutenez, Ane Zubiak ez du babes faltarik izango finalean, bertso eskolako zein elkarteko kideak han izango baititu; “egun berezia izango da beretzat baina baita Harituzeko kideontzat ere. Eskualdeko bertso eskoletan dabilen kide batek finalean kantatzea egindako lana fruituak ematen ari denaren seinale da”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!