Bertso sortak aurkezteko aukera, igandera arte

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2020ko urriaren 5a

Irabazleek sari bikainak jasoko dituzte: 500 € helduen mailan, 250 € gazteenean eta 100 € gaztetxoenean

Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketara lanak aurkezteko epea urriaren 11n itxiko da. Bertso-sortak posta elektronikoz entregatu behar dira info@hernandorena.eus helbide elektronikora. Bertso-sorta ezizenez sinatu beharko da eta harekin batera, izen-emate orria beteta. Zazpigarren urtez jarraian antolatu dute sariketa Hernandorena kultur elkarteak eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak.

Sariketa lau mailatan banatuta dago: gelen arteko mailan, gaztetxoenean, gazteenean eta helduenean. Maila guztietan, bertsoen gaia eta neurria librea da baina gutxieneko bertso eta kopla kopurua antolakuntzak zehaztuta daude. Jasotako lan horietatik onenak zein diren Harituz Bertsozale Taldeko kideek epaituko dute eta azaroaren 9an argitaratuko dira maila bakoitzeko sarituen izen-abizenak.

Sari-banaketa ekitaldia abenduaren 4an egingo da, Zizurkilgo Herrigunean, osasun egoerak ahalbidetzen duen moduan. Irabazleek sari bikainak jasoko dituzte, bertan: 500 € helduen mailan, 250 € gazteenean eta 100 € gaztetxoenean. Maila bakoitzeko bigarren sailkatuek ere sariak jasoko dituzte. Antolatzaileek sariketan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi izan du.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!