Umeentzako hogeita hamazazpi bertso saio eskaini ditu Harituzek irailean

Ikastetxeetako irakasleek zein Harituzeko kideek saioen balorazio “bikaina” egin dute

Tolosaldeko hamabost ikastetxetako LHko 5 eta 6. Mailako ikasleei bertso saioak eskaini dizkiete ikasturte hasiera honetan, Harituz Bertsozale Taldeko kideek. Saio horien helburua ikasleak bertsolaritzara eta aldi berean, euskarara eta ahozkotasunera gerturatzea da eta bide batez, bertso eskolan parte-hartzeko gonbidapena egitea.

Bertso saio horietan ikasleek gai-jartzaile zein laguntzaile rola izaten dute eta ondorioz, beraien intereseko gaien eta gertaeren inguruan kantari aritu behar izaten dute parte hartzen duten bertsolariek; “harritu egin gaitu COVID19aren inguruko gairik jarri ez izanak. Urtero moduan, kirolari eta ikastetxeko kontuei lotutako gaiak jarri dizkigute gehienbat” adierazi du Haritz Mujika Harituzeko koordinatzaileak.

Ikastetxeetako irakasleek bertso saioen inguruko balorazio “bikaina” egin dute eta ikasleek “oso ondo” pasa dutela adierazi dute; “ikasleak euskararen inguruan hain ondo pasatzen ikustea pozgarria da, parte hartuz eta interes handia erakutsiz”. Harituzek ere saioen balorazio “ezin hobea” egin du; “400 ikasle baino gehiagorengana iritsi ahal izan dugu bertso saio horiekin eta gure helburu nagusia bete dela esan daiteke”.

Saio horien amaieran, bertso eskoletan parte hartzeko gonbita luzatu diete bertsolariek ikastetxeetako gaztetxoei; “bertso eskolan abestu, sortu eta jolastu egiten da baina batez ere, laguntasun harremanak eraikiz, astean ordubetez tarte atsegina pasa eta bertsotan ikasi”. Bertso eskolen-ikasturtea urriaren 1ean hasiko da eta ekainean bukatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!