Urriaren 11n hasi eta azaroaren 1ean amaituko da II. Pello Errota bertsolari sariketa. Tartean, bi kanporaketa eta finala izango ditu eta Euskal Herri osoko hamabi bertsolarik parte hartuko dute. “Pello Errotak merezi du bere omenez horrelako sariketa bat antolatzea eta bizi dugun egoerak gauzak erraztu ez baditu ere, txapelketa egin egingo da”, adierazi dute Harituz Bertsozale Taldeak eta Asteasuko Udalak.
Aurten ere puntako bertsolariek parte hartuko dute txapelketan, bertso maila altua izanagatik, plazaz-plazako ibilitik “apartexeago” geratu direnak dira ia denak, antolatzaileen esanetan. “Plazaz-plazako ibilian, norbere bertso mailaz gain, beste hainbat faktorek ere badute eragina eta zenbait bertsolarik ez dute lortzen dinamika horretara salto egitea. Hori dela eta, beraien bertso maila erakusteko plaza bikain bat eskaintzea da sariketaren helburu nagusia”.
Hamabi bertsolari ariko dira aurtengoan ere txapela lortzeko lehian. Lehenengo kanporaketa, urriaren 11n izango da Abaltzisketako plazan eta bigarrena, berriz, urriaren 18an, Irurako kulturguneko aretoan. Bi kanporaketa horietatik sei bertsolari sailkatuko dira Asteasun, azaroaren 1ean jokatuko den finalera. Saio guztiak 17:30ean hasiko dira.
Duela bi urte egin zen lehendabizikoz Pello Errota sariketa eta izandako arrakasta ikusirik, 2020an berriz antolatzea aurreikusita zegoen. Aurten ere, guztia antolatzeko “lan handia” egin behar izan duten arren, txapelketak esfortzu horren neurriko emaitza ematea espero dute antolatzaileek; “bai bertsolarien aldetik, baita publikoaren aldetik ere”. Hori dela eta, herritarrak saioak ikusi eta entzutera gonbidatu nahi izan dituzte eta ekitaldiak segurtasun berme guztiekin egingo direla jakinarazi dute.