2020-2021 ikasturteko bertso eskoletako izen-ematea zabalik

Urriaren 1ean emango zaie hasiera aurrez aurreko bertso eskola saioei. Segurtasun neurri guztiak bermatuta egongo dira Harituzen esanetan.

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldea hasi da 2020-2021 ikasturteko bertso eskola taldeak osatu eta ordutegiak antolatzen. Hori dela eta, irailaren 25era arte zabalik egongo da Tolosaldeko bertso eskoletako izen-emate epea. Deialdia 10 eta 16 urte bitarteko ume eta gaztetxoei bideratuta dago bereziki, baina bertsolaritzarekiko interes handia duten beste adinetako ikasleak ere izena ematera gonbidatu nahi ditu Harituzek. 

Izena emateko bi modu daude: bata, mezu bat bidaltzea harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora. Bestea, ondorengo loturan klik egin eta izen-emate fitxa beteta bidaltzea:

https://forms.gle/3oKxH6nbWzJTi4Vt6 (euskarazkoa)

https://forms.gle/2WGejvSiN1mMUybGA (gaztelerazkoa)

Izena ematen duten ikasleekin Harituzeko arduraduna jarriko da harremanetan irailaren azken astean, taldeak antolatu eta ordutegiak ikasleen egunerokora egokitu ahal izateko. Bertso eskola saioei, berriz, urriaren 1ean emango zaie hasiera.

2019-2020 ikasturtean, COVID19ak eragindako alarma egoeraren ondorioz, martxotik aurrerako bertso eskola saioak on-line bidez egin behar izan zituzten. Aurten, ordea, aurrez aurreko saioak eginez emango diote hasiera ikasturteari eta urte guztian zehar modu horretan jarraitzea espero dute antolatzaileek. Hala ere, osasun egoeraren larritasunaz jakitun, bertso eskola saioetan segurtasun neurri guztiak bermatuta egongo direla adierazi nahi izan dute.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!