Haur eta gaztetxoentzako bertso-saio partizipatiboak martxan

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2020ko irailaren 3a

“Saioan zehar umeek gai-jartzaile edota laguntzaile moduan jarduten dute eta horrek gustura eta erne egon daitezen eragiten du”

Lizartzan eskainiko du Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak ikasturte berriko lehenengo bertso-saio partizipatiboa. Irailaren 7an, astelehenez izango da saioa, arratsaldeko 18:00etan hasita, Lizartzako udaletxean. Bertso-saio partizipatiboen helburua “10 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoei egokitutako bertso saio bat eskaintzea” dela adierazi dute Harituzeko kideek, modu horretan, haurrak bertsolaritzara “erakarri” eta euskal kulturaren bueltan tarte atsegina pasa dezaten.

Harituzek ikasturte hasiera guztietan egiten ditu bertso-saio partizipatiboak eskualdeko ikastetxe nahiz herrietan eta denetan harrera “bikaina” izaten dutela adierazi du bertako koordinatzaileak. “Saioan zehar umeek gai-jartzaile edota laguntzaile moduan jarduten dute eta horrek gustura eta erne egon daitezen eragiten du”. Bertso saio horien ostean, Harituzek eskualdean dituen bertso eskoletan izena emateko orriak banatu ohi ditu, interesa duten ikasleek izena emateko aukera izan dezaten.

Ikasturte hasiera honetan, hamar bertso-saio partizipatibo inguru egitea aurreikusten du elkarteak, batzuk ikastetxeetan eta beste batzuk, berriz, ikastetxeetatik kanpo. Hori dela eta, eskualdeko haurrak saio horietan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Informazio gehiago Harituz Bertsozale Taldearen sare sozialetan topa daitekeela adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!