Koronabirusa

Konfinamendua arintzeko bertso txapelketako sariak banatuta

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2020ko ekainaren 5a

Harituz Bertsozale Taldeak merchandising produktuak saltzeari ekingo dio ekainaren 12tik aurrera, elkartearen izena zabaldu eta bide batez, COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoari bertsozaleen elkartasunarekin aurre egiteko

Konfinamenduan zehar egindako bertso txapelketako irabazleei banatu dizkie sariak Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunea Elkarteak. Hogeita hamabost bertso aurkeztu ziren txapelketara eta horietatik bi irabazle aukeratu zituen Harituzeko zuzendaritza batzordeak. Bertso parte-hartzaileen maila ona medio, ordea, maila bakoitzean bi aipamen ere ematea erabaki zuen Harituzek, modu horretan, sei parte-hartzaile sarituz.

Bertso irabazleak Harituzek argitaratu berri dituen koadernoaren eta karpetaren azalean grabatuta daude eta horiek izan dira hain justu ere, irabazleei emandako sarietako batzuk. Produktu horiekin batera, elkartearen logoa duen ur botila bana eta Mikaela Elizegi omentzen duen telazko zakua ere jaso dituzte sarituek.

Produktu horiek guztiak ekainaren 12tik aurrera salgai jarriko ditu Harituzek. Elkartearen helburu nagusia “Harituzen izena zabaltzea” omen da baina “COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoari bertsozaleen elkartasunarekin aurre egiteko” ere balioko duela aitortu dute.

Argitaratutako produktuen katalogoa datozen egunetan jarriko dute jendearen eskuragarri Harituzeko sare sozialetan; Facebook eta Instagramen. Horrekin batera, horiek erosteko modua zein izango den ere bertan argituko omen dute. Azkenik, Harituzek eskualdeko bertsozaleak “produktuak erosiz, proiektuaren alde euren hondar alea jartzera” gonbidatu nahi ditu eskualdeko bertsozaleak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!