Beñat Mateos umetan eta Ane Zubia helduen mailan, Konfinamendua arintzeko bertso txapelketako txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2020ko apirilaren 27a

Harituzek argitaratuko duen material sortako karpeta eta koadernoen azaletan grabatuko dira irabazleen bertsoak.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak Konfinamendua arintzeko bertso txapelketaren epaia jakinarazi du asteburu honetan. Beñat Mateos Zeberio asteasuarrak irabazi du umeen mailako txapelketa eta Ane Zubia Aranalde ibarratarrak, berriz, helduen mailakoa. Harituzek, ordea, beste hainbat lan ere goraipatu nahi izan ditu eta beste bina aipamen berezi izendatu ditu maila bakoitzean: Malen Gartzia Ramila tolosarra eta Goar Artola Otaegi anoetarra umeen mailan, eta Ainhoa Ontsalo Sagastume alegiarra eta Ane Aldalur tolosarra helduen mailan.

Hogeita sei lan jaso ditu bertsozale elkarguneak apirilaren 19ra arte: hamabi umetan eta hamalau helduen mailan. Antolatzaileak “pozik” azaldu dira txapelketak izan duen erantzunarekin eta bere funtzioa bete duela uste dute, alegia, konfinamendua arintzea.

Ez ohiko egoera dela eta, sari banaketarik egingo ez bada ere, sarituek laster jasoko dute Harituzek argitaratuko duen material sorta ederra euren etxeetan. Irabazleen kasuan, gainera, material sortako karpeta eta koadernoen azaletan grabatuko dira beraien bertsoak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!