Koronabirusa

Bihar itxiko da bertsoak egin eta bidaltzeko epea. Zeren zain zaude?

Bertso irabazlea Harituzek argitaratuko duen koadernoaren azaleko bertsoa izango da.

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak konfinamendua arintzeko bertso txapelketa antolatu berri du. Lehiaketan parte hartzeko baldintzak Tolosaldean bizi eta 16 urte baino gehiago izatea eta konfinatuta egotea dira. Egoera horretan dagoen edonork bertso bat egin eta lehiaketan parte hartu ahal izango du. Lanak entregatzeko epea martxoaren 27tik apirilaren 19ra izango da.

“Edonork parte hartzeko moduko” lehiaketa antolatu du Harituzek, konfinamenduan dauden herritarrei “egonaldia arindu eta buruari eraginarazteko” ezin hobea, antolatzaileen hitzetan. “Ahalik eta txapelketa parte hartzaileena izatea nahi genuke eta horren erakusgarri dira zehaztutako oinarriak”. Bertsoaren gaia, neurria eta doinua libreak izango dira eta lanak entregatzeko jarraitu beharreko pausuak honakoak dira: lehendabizi, bertsoa osatu eta norbere sare sozialetan argitaratu beharko da #harituzbertsotxapelketa traola erabiliz eta ondoren, bertso hori bera harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko da, norbere izen abizenak, telefono zenbakia eta herria adieraziz.

Lehiaketa irabazten duenarentzat bi sari potolo egongo dira: bata, Harituzek argitaratuko duen koadernoaren azaleko bertsoa izatea. Bestea, Harituzeko materialaren lote oso bat. Lehiaketaren irabazlea nor izan den apirilaren 25ean jakinaraziko du Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak bere sare sozialen bitartez eta irabazlearekin harremanetan jarriko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!