Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak antolatutako bertso eskolatan dabiltzan berrogei haur inguruk parte hartu dute aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko Bertso-paper Lehiaketan. Ikasleek lau mailatan banatuta, antolakuntzak jarritako gai bati erantzun behar izan diote kopla edota bertsoak idatziz, Laskorain ikastolan egin den txapelketan. Harituz Taldeko ikasleek sei sari eskuratu dituzte, maila bikaineko bertso paperak idatziz.
Tolosaldea guztiko ehun haur eta gazte inguru elkartu dira Tolosan egindako saioan eta jai giroa nabarmendu da lehiakortasunaren gainetik. Parte-hartzaile bakoitzak egokitutako gaiari bere modura erantzun dio eta bertso "politak eta orijinalak" izan direla asko eta asko adierazi dute epaileek.
Harituzeko ikasleek Tolosara egindako irteeran "oso ondo" pasa dutela adierazi dute eta hasieran "urduri xamar" bazeuden ere, ondoren, beste ikasleekin elkartu eta bertsoak egiten hastean, "lasaitu" egin direla. Zenbait kasutan, taldekideak elkar lagunduz aritu direla ere aitortu dute eta lagunek irabazi izanak "poz handia" eta "inbidia pixka bat" eragin dietela ere bai.
Aurtengo eskolarteko bertso-paper lehiaketari dagokionez, honakoak izan dira Tolosako saioko emaitzak:
Lehen Hezkuntzako bigarren zikloa:
1. Saria: Natale Gibelalde (Uzturpe Ikastola-Ibarra)
2. Saria: Aiora Aristondo (Uzturpe Ikastola-Ibarra)
Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloa:
1. Saria: Oinatz Errazkin (Anoetako Herri Ikastola-Anoeta)
2. Saria: Jare Bengoetxea (Lizartzako Herri Eskola-Lizartza)
DBH lehen zikloa:
1. Saria: Aratz Eskibel (Orixe BHI-Bidania)
2. Saria: Aratz Arzelus (Erniobea BHI-Amasa)
DBH bigarren zikloa eta batxilergoa:
1. Saria: Ane Zubia (Uzturpe Ikastola-Ibarra)
2. Saria: Beñat Mateos (Erniobea BHI-Asteasu)