Ane Zubia ibarratarra Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalera

Hirugarren eta azken kanporaketa martxoaren 13an izango da, Ereñotzun

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak badu bigarren finalista: Ane Zubia Aranalde. Martxoaren 6an Ikaztegietan izandako kanporaketan bera izan zen onena eta ondorioz, apirilaren 3an Lasturren izango den finalerako txartela lortu zuen Ibarrako bertsolari gazteak. 

Bost bertsolari aritu ziren kantuan Ikaztegietan: Ane Zubia Aranalde, Irati Arakistain Mendizabal, Hodei Munduate Etxeberria, Joar Garate Rueda eta Xabier Albizu Gurrutxaga. Gai jartzaile lanetan, berriz, Saroi Jauregi aritu zen. Ikaztegietako Herrigintza Elkartea lepo bete zen afaltzeko txartela zeukaten bertsozaleekin eta ondorengo saioa entzutera, berriz, are jende gehiago hurbildu zen. Denera, hirurogeita hamarren bat lagun. Saioa erritmo azkarrekoa eta bizia izan zen eta entzuleek txalo bidez eskertu zioten hori kantuan ari zen boskoteari. Saiorik azpimarragarriena Hodei Munduate eta Ane Zubiak koplatan egindakoa izan zen, aitona biloben paperetik. Saio ostean, Ane Zubiak aipatu zuenez, "oso gustura" geratu zen egindako saioarekin baina ez zuen "inondik inora ere espero" saioa berak irabaztea. Finalera begira, berriz, "ahalik eta ondoen prestatu eta ahalik eta ondoen egitera" joango dela aitortu zuen.

Aurtengo eskolarteko hirugarren eta azken kanporaketa Ereñotzun izango da martxoaren 13an. Jon Mendiluze irurarra han ariko da kantuan beste bost bertsolarirekin batera. Bertan erabakiko da zein izango den apirilaren 3an Lasturko finalean kantuan ariko den seikotea.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!