Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako kanporaketa, ostiralean, Ikaztegietan

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2020ko martxoaren 2a

Kanporaketa bertso afari formatuan izango da eta Ane Zubia ibarratarrak kantatuko du bertan

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa otsailaren 28an hasi zen, Oñatin, eta bigarren kanporaketa Ikaztegietako Herrigintza Elkartean izango da datorren ostiralean, martxoaren 6an. Bertan, Gipuzkoako sei bertsolari gaztetxok hartuko dute parte eta tartean, Ane Zubia ibarratarrak. Saioa irabazten duenak apirilaren 3an Lasturren izango den finalerako txartela lortuko du eta besteek azken saioari itxaron beharko diote finalera pasako diren edo ez jakiteko.

Bere lehenengo parte-hartzea du Ane Zubiak aurtengoa. Ibarratarrak (H)ari Naizela irratsaioan aipatu berri duenez, bere helburua bertso eskolan egiten duen horretara hurbiltzea izango da eta ahal den heinean, saioaz gozatzea. Saioan egin beharko dituzten ariketak, honakoak izango dira: lau oinak emanda, bertso bana zortziko txikian; binaka, ofizioka bina bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna kopla Egun da Santi doinuan; puntu erantzun bana eta bakarka, bertso bana gehienez bost puntuko neurrian.

Kanporaketa bertso afari formatuan izango da, 20:00etan hasita eta afaritarako txartelak salgai daude www.bertsosarrerak.eus web orrian, ostegun eguerdira arte. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunea elkarteak eskualdeko bertsozaleak kanporaketa ikusi eta entzutera animatu nahi ditu eta afalostean saioa ikustera soilik joan nahi duenarenzat ere, ateak zabalik egongo direla jakinarazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!