Irailaren 25ean Zizurkilen eta 26an Lizartzan izango dira

Gaztetxoei zuzendutako bi saio parte-hartzaile eskainiko ditu Harituzek

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2019ko irailaren 18a

Saioak irailaren 25ean Zizurkilen eta 26an Lizartzan izango dira eta 10-14 urte bitarteko gaztetxoei parte hartzeko deia luzatu nahi die Bertsozale Taldeak.

Hasi da ikasturte berria eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldea bertso eskoletako taldeak osatzen ari da. Aurten ere Harituzen helburua bertso eskoletan parte hartu nahi duten ikasleen eskariari ahalik eta ondoen erantzutea da eta ahal den heinean, lehengo taldeak mantendu eta haiek indartzea.
Horregatik, eskualdeko gaztetxoak bertso-eskoletara erakartzeko bi saio parte-hartzaile antolatu ditu Harituzek. Bata Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian izango da, irailaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan hasita. Bestea, berriz, irailaren 26an izango da, ostegunez, Lizartzako udal aretoan, hau ere 18:00etan hasita.Harituzek eskualdeko 10-14 urte bitarteko gaztetxoei luzatu die deia bereziki, baina saio parte-hartzaile hauek irekiak izango direla jakinarazi du. 
Bertso saio parte hartzaileek gaztetxoen parte hartzea izaten dute ardatz, eta haien intereseko gaien eta arazoen inguruan kantuan aritzen dira bertsolariak. Saioek ordubete inguru irauten dute eta antolatzaileen ustez "oso erakargarriak eta dibertigarriak" izaten dira, "hasi ordurako bukatzen diren horietakoak".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!