Bigarren aldiz, Urritz Makila Beñat Iguaranentzat

IV. Mallabiako bertsolari gazteen sariketaren finala jokatu zen abenduaren 7an Mallabiako herriko elkartean eta Beñat Iguaran amasarra eta Haritz Mujika asteasuarra geratu ziren lehen bi postuetan.

Aurreko hiru edizioetan bezala, Tolosaldera joan da aurtengo Urritz Makila. Lehen bi edizioetan Unai Mendizabal zizurkildarrak irabazi zuen, iazkoan Beñat Iguaranek kendu zion makila, eta aurten berretsi egin du amasarrak. Haritz Mujika geratu zen bigarren, publikoak hala erabakita, izan ere, publikoa izaten da epaile sariketa honetan.

Behetik gorako saioa egin zuten biek ala biek. Puntu erantzunetan, zortziko txikian, zortziko handian eta objektu bati bertsotan aritu ziren atsedenaldiaren aurretik. Puntu erantzunetan ongi aritu ziren biak, zortziko txikian txukun, baina elkarrekin tokatu zitzaien zortziko handiko ariketan ez zuten asmatu, Andaluzian olibak biltzen ari direla bertako hauteskundeetako albisteei begira dauden etorkinen paperetik kantatzen. Objektuaren ariketan berriz, Beñat Iguaranek desodoranteari bertso ona bota zion eta baita Haritzek giltza sortari ere.

Atsedenaldiaren ostean askoz hobeto aritu ziren. Hamarreko txikian ongi eta kopletan publikoak barre nahikoa egin zuen, egiatik aldentzen den surrealismoan. Amaitzeko gai bati bi bertso kantatu beharra izan zuten bertsolariek eta Haritzek eta Beñatek azken txanpa horretan bereganatu zuten publikoa.

Aitor Bizkarra da Bizkaiko Txapelketako finaleko aurpegi berria eta Mallabian oso fuerte hasi zen nola puntu erantzunetan, hala zortziko txikian, baita komuneko paperari kantatutako bertsoan ere, eta atsedenaldian ziurrenik aho zaporerik onena berea izango zen. Baina atsedenalditik bueltan ez zuen asmatu. Amaieran hirugarren geratu zen. Laugarren berriz, Joanes Illarregi geratu zen.

Lau bertsolariek azaroan zehar jokatutako bi final aurrekoak jokatuta sailkatu ziren. Beñat eta Haritz final aurreko ezberdinetan ziren, eta Haritzek eta Aitorrek Mikel Tapia eta Peru Abarrategi gainditu zituzten lehen final aurrekoan, eta bigarrenean, Joanes eta Beñat, Ane Beloki eta Lurdes Ondaro baino gehiago izan ziren publikoaren iritziz.

Datorren urteko V. Mallabiko Bertsolari Gazteen Sariketan berriz ere Beñat Iguaran bertan izango da, irabazleak bere plaza defendatu behar izaten duelako.

Datorren asteazkeneko (H)ari Naizela irratsaioan Beñaten eta Haritzen final erdietako eta finaleko bertsoaldi onenak entzungo dira. Bideoan, Mujika eta Iguaranen agurreko bertsoak:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!