Final handian Lazkoz txapeldun

Etxarriarra nagusitu zen I. Pello Errota Sariketan, eta Beñat Lizaso izan zen bigarrena.

Larunbatean jokatu zen I. Pello Errota Sariketako finala Asteasuko Iturri-Ondo Jatetxean. 110 lagun elkartu ziren afaltzeko eta afalondoan ere jende gehiago sartu zen jantokira lau bertsolarien lanaz gozatzeko. Zizurkilgo eta Anoetako kanporaketen ostean, giro bero-beroan, Unai Gaztelumendi, Asier Azpiroz, Eneko Lazkoz eta Beñat Lizaso izan ziren txapela lortzeko lehian aritu zirenak.

Hasierako agurretan garbi geratu zen lau bertsolariak lehiarako zetozela eta zortziko handiko ariketan hala erakutsi zuten. Handiko ofizio txukun baten ostean zortziko txiki epel samar bat etorri zen, ale politak utzi zituzten arren ez zen ofizio erabat borobilik izan. Puntu erantzunetan erdiz-erdi asmatu zuten laurek eta seiko motzean ere oso txukun aritu ziren. Lehen zatiarekin amaitzeko kartzelako lanari ekin zitzaion eta Euskal Herriko lanak amaitutzat emanda hegazkinean etxera bueltan doan Brian Currinen paperean abestu behar izan zituzten bina bertso.

Lan horiek amaituta Beñat Lizasok eta Eneko Lazkozek bildu zituzten puntu gehien eta beraiek izan ziren buruz-burukoan aritu zirenak.

Saioko puntu gorena etorri zen buruz-buruko hamarreko txikiko ariketan. Mikaela Elizegiren inguruan aritu ziren bertsotan eta oso goi mailako bertsoak entzun ahal izan zituzten bertaratutakoek. Horren ondoren kartzelan “Jostailua” hitzari bertso bana bota behar izan zioten eta puntuka zortzi bertso osatu gero.

Sari banaketa berezia

Bertso saioan ez ezik, sari banaketan ere izan ziren momentu bereziak. Saioko bertsorik onenari “Mikaela Elizegi saria” eman zitzaion. Eneko Lazkozen eskuetara iritsi zen saria, hain zuzen ere, buruz buruko hamarreko txikiko ariketan Mikaela Elizegi gaitzat hartuta kantatu zuen bertsoarengatik:

Mikaelari buruz

badaude datuak

Pellorenak gehiago

ongi eratuak

hara zer indar duen

patriarkatuak

ez zaizkigu iritsi

berak kantatuak

ta iritsi zaizkigu

berak kontatuak. 

Bertso horrengatik eman zion Mikaela Kortajarenak, Mikaela Elizegiren besotako ilobak, saria etxarriarrari.

Txapeldunari txapela ere Pello Errotaren ondorengo batek jarri zion, Antton Elizegik hain zuzen zere,  Asteasuko bertsolari handiaren birrilobak.

Errotak martxan jarraituko du

Pello Errota sariketaren lehen edizioak izan duen arrakasta ikusita aurrera begira ere gogotsu gaude antolatzaileak, izango da berriro ere sariketa honetaz gozatzeko aukerarik.

Datozen hilabeteetan ere Pello Errota 100 urte ekimenaren baitan agenda bete-betea dator. Urte honen amaieran eta 2019an hainbat ekitaldi izango dira, beraz, adi bertsozale!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!