Sei sari eskuratu dituzte eskualdeko ikasleek, Bertso Idatzien Eskolarteko Lehiaketako azken saioan

70 ikaslek hartu zuten parte astelehenean Laskorain Ikastolako aretoan izan zen lehiaketan. Banatutako 8 saritatik 6 eskualdeko ikasleek eskuratu zituzten.

Urteak daramatza Ikastolen Elkarteak Bertso Idatzien Eskolarteko Lehiaketa antolatuz. Aurtengo edizioa formatua berrituta ospatu da eta, aurrez Hernanin, Zumarragan, Eskoriatzan, Azpeitian, Elgoibarren eta Orion ospatu ondoren, astelehenean izan zen azken saioa Tolosako Laskorain Ikastolan.

Bertan izan ziren Villabonako Zubimusu Ikastolako, Fleming Ikastetxeko, Asteasuko, Tolosako eta Ibarrako bertso-eskoletako ikasleak, baita Uzturpe Ikastolako, Laskorain Ikastolako eta Ataungo Joxe Miel Barandiaran ikastetxeko ikasleak ere.

Parte hartzaileek ordubeteko denbora izan zuten egokitutako gaiari bertsotan erantzuteko eta, ondoren, Unai Gaztelumendi eta Eñaut Marikorena bertsolariek saiotxoa egin zuten sariak banatu aurretik.

Lau mailatan banatuta izendatu ziren saridunak:

LH 3. eta 4.a:

  • 1. saria: Sugoi Amondarain (Ibarra)
  • 2. saria: Aratz Bikuña (Ataun)

LH 5. eta 6.a:

  • 1.saria: Joanes Zubia Aranalde (Ibarra)
  • 2.saria: Haritz Urrestarazu Larrea (Ataun)

DBH1. eta 2.a:

  • 1.saria: Asier Arteaga (Tolosa)
  • 2.saria: Ane Zubia Aranalde (Ibarra)

DBH 3., 4. eta Batxilergoa:

  • 1. saria: Oibar Olano Goikoetxea (Asteasu)
  • 2. saria: Oinatz Otegi Bakero (Asteasu)

Lehen saria lortu zuten Tolosaldeko gazteen lanetan ale ederrak izan ziren. Hona hemen bakoitzetik bana:

Sugoi Amondarain
Gaia: Gure azokideak dantzan ibili dira bart.

Auzokideak atzo
gauean dantzari
festa algara eta
sagardo edari
dendariai nik esan
patatak ekarri
kontzertua egon zan
ta denak kantari.

Joanes Zubia Aranalde
Gaia: Tolosa ingurua bizitzeko leku paregabea da.

Kirolari oso onak
ere inguruan
Xabi Alonso degu
futbolen munduan
Altuna ta Artola
frontoien barruan
oso ondo bizi gara
gu gauden lekuan.

Asier Arteaga
Gaia: Eskola, kirola, lagunak… egun guztia bete betea.

Ne amak nota onak nahi ditu
ta baita golak sartzea
fuboletik berandu atera
ta hamaiketan etxea
ikasteko denborarik ez det
ta nota onak? Bai zea!
Notak ikusi ta ez harritu
nik lauak ateratzea.

Oibar Olanao
Gaia: Gazteok aukera asko omen dauzkagu

Hamasei urte egin ta gero
egin behar degu hautatu
alde batetik ikasketetan
egiten gara nazkatu
beste aldetik lana aurkitzeko
ez etsi eta jarraitu
ni marrazketan ona naizenez
CAFen nahiko nuke sartu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!