Zozketa: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017 jasotzen duen liburua

2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia biltzen duen liburua eta CDa argitaratu ditu Lankuk. Ale bat zozketatuko dugu jarraian proposatzen dugun galdera erantzuten duten guztien artean.

2017ko Eusal Herriko Bertsolari Txapelketak doinu berri asko eman ditu. Zozketan parte hartzeko, WhatsApp bidez (673 06 11 32 telefonora) mezua bidali beharko da, doinu berri horietatik gustukoena zein izan den zehaztuz. Doinu horrekin berarekin audio mezu bat bidaliz gero, aukera gehiago!

Matxoaren amaierako irratsaioan zozketatuko dugu liburua, eta h)ari naizela saioko komunitatean emango dugu saridunaren berri.

Liburua ere, salgai

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatutako Txapelketa Nagusia biltzen du lanak: 492 orrialdeko liburuaz eta CDaz osaturik dago. Txapelketaren dokumentazio lan biribila da, eta hainbat edukiz osatuta dago.

Alde batetik, txapelketako 14 saioei buruzko kronikak eta saio bakoitzetik hautatutako bertsoak transkribatuta ageri dira liburuan. Irakurri ez ezik, bertsoak entzun ere ahal izango dira, hautatutako bertsoaldi guztien audioak daudelako entzungai erantsitako CDan; zaleen gozamenerako ia 200 bertsoaldi batu dituzte, hau da, 700dik gora bertso. Horrez gain, doinuen azterketa eta partiturak ere badaude. Hori guztia txapelketan jasotako argazki dotorez jantzita. Informazio orokorra ere topatuko du irakurleak: bertsolari parte-hartzaileak, sailkapena, historia…

Bestalde, hainbat adituk talaia ezberdinetik behatu dute txapelketa, eta beraiek idatzitako iritzi eta analisiak ere jaso dituzte liburuan: Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea, Harkaitz Cano idazlea, Karin Barber antropologoa edota Endika Gutierrez "Invert" raperoak beren ekarpena egin dute.

Lan hau Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ondu du eta eskuragarri dago Lanku Kultur Zerbitzuen www.lanku.eus atarian zein Bertsozale Elkarteak Amasa-Villabonan duen egoitzan. Salneurri arrunta 30 eurokoa da - bidalketa gastuak gehitu behar zaizkio erosketa Internetez eginez gero - , eta Bertsozale Elkarteko bazkideentzako 25 eurokoa izango da kostua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!