Mendi: Aupa koadrila! Egun ederra igandekoa eh? BECek eta han bildu ginen gehienon emozioek gainezka egin zitean. Igandeko bideoei begira oraindik halako hartxo bat pizten zaidak barruan. Azkenean Maialen txapeldun eta Mendiluze txapeldun orde. Saioa osorik hartuta Maialenenak ez ninduan harritu, beste denak baino koska pare bat gorago dagoela erakutsi zian nik uste. Merezi zian, eta ez finaleko saioarengatik bakarrik. Urtean zehar plazako saio mordo bat entzuten dizkiogunok bazakiagu zein den Maialenen maila eta errendimendua plazaz plazako jardunean. Ofiziotan bikain aritu zuan. Bakarkako gai zabaletan, berriz, gizarteak ertzetara eramandako pertsonak ekarri zitian oholtzaren erdira, eta nola ekarri gainera. Saioa hasi eta bukatu goi-goi mailan egin zian. Eta Mendiluzerena ere bikaina. Saio oso orekatua egin zian eta buruz burukoan ere ez nioan kanpotik behintzat nekerik sumatu. Aurten gainera entzuleak lagundu egin diola esango nikek. Duela lau urteko finalean ere izugarri egin zian bertsotan, baina uste diat entzuleak ez zuela aurten bezain gozo hartu. Irudipena diat Durangoko saioan Aitorrek publikoa poltsikoratu zuela Landakon erakutsi zuen bizitasun eta plazako jarrerarekin, eta horrek aldeko joera orokor bat piztu zuela entzulearengan, finaleraino iraun duena. Bejondeiola! Zer diozue zuek? BECeko olatuen aparrak pixka bat jaitsi diren honetan zer azpimarratuko zenukete atzoko saiotik?
Beñat Iguaran: Kaxo-kaxo! Finala mundiala, historikoa. 15000 lagun zutik bost minutuan txaloka aritu zaizkiala ikusi, tabladura igo, eta etxetik ekarritako bertsoa hasi eta bukatu egitea ere ez duk meritu makala! Hik esan bezala Maialen bikain, eta Mendiluzek ere egundoko saioa egin zian. Baina nik beste biren lanak goraipatuko nizkiake.
Batetik, Sarriegi. Urteak zeramatzak goiko mailan baina jabetu al gaituk aurten arte zer bertsolari puska den? Askotan jendearengana iristea kosta izan zaiola esango nikek, baina aurten jendearekin lehen egunetik konektatu dik . Goizeko kartzelako lanean (denok buruan darabilgun bere doinuan) amorrazioz beterik bota zitian bertso haiek jendearen gogoan geldituko dituk. Buruz burukotik gertu ikusten nian eta ez ninduan hain gaizki ere ibili (epaile hasi beharko diat!). Txapelketa bikaina egin dik eta pena duk horrelako bertsolari batek txapelketak uztea. Hala ere, beste lau urte bazeuzkak esandakoa pentsatu eta iritziz aldatzeko. Igandeko gezur txikia barkatuko zioagu berriz txapelketan ikusiz gero, ezta?
Bestetik Unai, beste Unai handi baten hutsunea bere estiloan ederki bete zian. Estimatu nian bere hizkuntza erabiltzeko modua, gauzak argi eta errez esatea. Bertsozaleen artean maila emango ote zuen kezka sumatze zuan, baina lehen ofiziotik garbi utzi zian lanera joan zela eta bertsokera horrek ere balio duela tamaina horretako plaza batean. Bere ukitua eman zioan final handiari eta jendeak asko eskertu zian.
Adur Gorostidi: Arrazoi duk Bernardo! Ederra izan zuan, emozio kolektibo horren parte izateak oraindik ere oilo ipurdiz jartzen zidak azala. Zorionak zortzi bertsolariei. Eta batez ere zorionak eta eskerrak emango nizkiokek Maialeni entzule hobea izan nadin lortu duelako, behartu egin naik puntu bakoitzean hausnarra egitera.
Mendi: Colinaren bertsoak ere puntuz puntu entzutekoak izan zituan ba! A zer finala eta a zer txapelketa egin duen Sustraik. Ale latzak utzi zitian eta buruz burukoan sartu izan bazuan ere ez ninduan harrituko. Inoizko Sustrairik distiratsuena ikusi genian igandean. Ez zian ariketa bakar bat ere epel egin.
Behar bada, Beñatek, Igorrek eta Ametsek ez zuten beren egunik onena izan, ezta? Neronek behintzat zerbait gehiago espero nian hirurengandik. Ametsek zuzenean finalera sartzeak ekar lezakeen txapelketarekiko kontaktu falta sumatuko zian agian. Hirurek utzi zitiztean ale ederrak, baina pena izan zuan ba nahi eta ezinean sumatzea.
Adur: Arrazoi duk Mendi. Baina tira, orokorrean zortzikotea ederki portatu zuan eta gozatu ederra hartu genian. Euskarak behar dizkik horrelakoak, erdal hiztunak zerbait galtzen ari direla sentitzeko eta gure hizkuntzara hurbiltzeko tentazioa senti dezaten.
Beñat: Bai. Eta guk bertso eskolan segi beharko diagu. Igandekoa eta gero… bazeukaagu zer ikasia eta. Beti bezala gaur 19:30tan ezta?
Adur: Bai. Gaur Abaltzisketan egingo diagu, publiko eta guzti, bertso-eskola irekia.
Mendi: Ondo zagok. Gero arte paria!