Pernando Amezketarra sariketa

Erniarraitz garaile I. Pernando amezketarra sariketan

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola, 'felix' 2016ko mai. 2a, 16:22

I. Pernando amezketarra sariketa. Amezketan. Beartzana jatetxean. 70 lagun afaltzen. Saioa entzuten 80ren bat. Hernani eta Erniarraitz. Erniarraitz eta Hernani. Saio bizia. Polita. Azkenik, Erniarraitz garaile.

Pasa den larunbatean ospatu zen I. Pernando amezketarra sariketaren finala. Kantuan Oier Iurramendi, Arnaitz Lasarte eta Eli Pagola hernaniarrak. Eneritz Artetxe, Aitor Salegi eta Haritz Garmendia Erniarraitzetik. Jantokia bete jende eta giro aparta. Agurretik bertatik hasi zen entzulea gozatzen. Hernaniarrek sariketetako topikoez kantatu zuten ironi politez. Ernirraizkoek bertsolari bakoitzaren aurkezpena egin zuten, trikitixa lagun.

Puntu progresiboen ariketan hernaniarrek umeei tontoak bezala zergatik hitz egiten zaien galdetu zien felix-ek. Ez zuten guztiz asmatu ariketa honetan. Erniarraizkoei kontzertuetan jendea adinaren arabera leku batean edo bestean jarri ohi dela tokatu zitzaien. Saio txukuna egin zuten.

Jarraian zortziko txikiko bi ariketa. Bata serioa, bestea alaia. Oier eta Aitor elkar ikusi ezin duen bikotea zen. Haritz berriz, ekainaren 26ko hauteskundeetan mahaian egotea egokitu zaiona eta Eli bozka ematera gaupasaz doana. Saio bizi eta polita egin zuten azken bi hauek. Haritzek lehen bertsoan ta nahi bazu binaka/ bota ditzakezu kantatu zuen eta bi aldiz botatzeko/ halade naiz larri,/ ezin al zan txulua/ txikigua jarri erantzun zion. Hirugarren balde bat/ eskertuko nuke amaitu zuen Elik bigarren bertsoa.

Ondoren bederatziko txikia. Bederatzi oinak emanda. Amaiera emanda. Eta puntu erdika. Erniarraitzekoek lanak banatu egin zituzten. Bederatzi oineko ariketan Eneritzek bertsolariaren masoka izaeraz kantatu zuen. Aitorrek guztia barkatzea/ nahiko du gero amaiera emanda adarrak jartzen dizkion bikotekideari kantatu zion. Hernanitik Arnaitzek egin zituen hirurak. Bodega kontuak kantatu zituen 9 oinekin. Ondo bizitzea da/ inportantea amaiera tokatu zitzaion amaiera. Azkenik, Haritzek eta Arnaitzek egin zuten puntu erdika. Entzuleek sei bertsoak asko baloratu zituzten. Zortziko txikiko bigarren ariketan jendea piztu bazen, hemen are eta gehiago.

Jarraian kopletan egin zuten kartzelako ariketa. Hiru pisu-kideak, batek ahalik eta gutxien zikintzeagatik ahalik eta gutxien garbitu. Besteari berdin dio zikintzeak garbitzeko prest delako. Eta hirugarrenak, berea bakarrik garbitzen du. Bi kartzelak politak izan ziren eta publikoak biekin gozatu zuen.

Finalaren azken txanpan Oier eta Eneritz hamarreko txikian jardun ziren. Biek sexua kezkatuta bizi dute, Oierrek batez bestekotik gora eta jende askorekin praktikatzen du sexua, Eneiritzek berriz, batez bestekotik behera. Umore kutxua hartu zuen bertsoaldiak. Aitor eta Arnaitz puntu-erantzunetan. Oso saio ona atera zen azken hau. Saioan ateratako ideiei tiraka. Segidan, bi neskak izan ziren bakarka. Eli herri txiki bateko irakaslea, azken aldian haurrek geroz eta euskara gutxiago erabiltzen dutela ohartu da: bideoak jarri ohi/ ditut barra-barra,/ Txirrita, Lazkao Txiki/ ta amezketarra/ multimedia degu/ berritu beharra amaitu zuen bigarren bertsoa Eneritz berriz, 30 urteko down sindromedun baten ama da, gaur esan dio alabak bere kabuz bizitzen jarri nahi duela: bere bizinahi horrek/ baliorik ez du amaitu zuen bigarren bertsoa eta hirugarrena ta astunegia bada/ daramazun zama,/ behar duzunean hor/ egongo da ama.

Horren jarraian puntutan jardun ziren librean bi taldeak. Biek ala biek beraien taldea izan dela nagusi kantatu zuten umore ederrez.

Finalak izan zuen beste berezitasun bat. Bertsolariek hitz ezkutu bat zuten eta hitz ezkutu hori ongien sartzen zuenak sari bat eramango zuen. Hitz ezkutua Doraemon zen eta Eli Pagolak sartu zuen ongien kopletako ariketan: Ez garbitzeko daukat/ idea itzela,/ Doraemonen portxiko/ baten bezela/ dena alfonbra-azpira sar daitekeela. Doraemonen pelutxe bat eraman zuen etxera Elik.

Iker Iriartek eta Mikel Belokik osatu zuten epai mahaia eta baita publikoak ere eta hirurek erabaki zuten, hiruren balorazioetan alde txikiagatik bazen ere, Erniarraitz zela I. Pernando amezketarra sariketako irabazlea.

Saioaren amaieran bai antolatzaileak, bai bertsolariak eta baita entzuleak ere aho zapore gozoarekin geratu ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!